Zigarrokin bilketa antolatu du Surfriderrek Donostiako hondartzetan

Hilaren 31n ospatuko den Tabakorik Gabeko Munduko Eguna dela eta, Surfriderrek, ozeanoen kontserbazioan diharduen GKEak, Kolillaton kanpaina egingo du aurten ere, Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait hiri eta herritan. Donostian, ostiralean eta larunbatean garbituko dituzte hondartzak, zigarrokinak jasoz.
Hain zuzen ere, ostiralean, 10:45ean elkartuko dira, Jose Migel Barandiaran kaleko 45-45ean, Zurriola hondartza garbitzeko. Larunbatean, aldiz, 10:45ean, Ondarretako hondartzan elkartuko dira horretarako.
Deialdia jende guztiarentzat zabalik dago, baina Surfriderren webgunean izena ematea gomendatzen da. Antolatzaileek ekintzarako behar diren materialak banatuko dizkiete boluntarioei, eta bilketa guztien ondoren, bildutako hondakinak kontabilizatuko dira. Jarduera Surfriderren Ocean Initiatives programaren barruan dago. Programa horren helburua da tokian bertan datuak biltzea, dauden hondakinak sailkatuz eta kontabilizatuz, Europako datu base bat elikatzeko, arazoa zenbakitan ikusarazteko eta irtenbideak bilatzeko lan egiteko.
Kolillatoiaren helburua bikoitza da: zigarrokinek ingurunean duten presentzia murriztea eta, batez ere, “naturan duten abandonua desnormalizatzea”. “Lehen begiratuan, zigarrokin batek ez dirudi kalterik eragiten duenik, baina bakar batek 500 litro ur kutsa ditzake. Iragazkia zelulosa azetatoa da (plastiko mota bat), eta hamar urte baino gehiago behar izan ditzake degradatzeko, eta ez da desagertzen. Denbora horretan, milaka substantzia toxiko askatzen ditu, hala nola beruna, artsenikoa edo amoniakoa, eta zuzenean eragiten die itsasoko biodibertsitateari eta, azken batean, gizakien osasunari”, ohartarazi du Surfriderrek.