Bero boladei aurre egiteko 90 aterpe klimatikoen mapa eguneratu du udalak

Donostiako Udalak hiriak duen aterpe klimatikoen sarea eguneratu eta ezagutarazi du. Espazio horiek “konfort termikoko baldintza hobeak” eskaintzen dituzte hiri eremu orokorrekoekin alderatuta eta herritarrak haiengana hurbil daitezke berotik babesteko.
“Nahiz eta horrelako gertaeretan etxetik ez irtetea eta itzalean ibiltzea gomendatzen den, baliteke pertsona askoren etxebizitzek erosotasun termikoko baldintza egokiak ez betetzea, eta, beraz, auzoetako aterpe klimatikoak pertsona askorentzat aukera hurbil eta osasungarria dira”, aipatu du Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak.
Donostiak mota honetako 90 gune ditu. Sarea hiriko 37 eraikinek eta 53 berdegunek osatzen dute. Aterpeak argi eta garbi seinaleztatuta daude, eta Tabakaleran, Kutxa Kubon, Udalinforen bulegoetan, kiroldegietan eta kultur etxeetan dauden informazio-liburuxken bidez kontsulta daitezke. Era berean, erraz ikusi daitezke mapa digital baten bidez Udalaren webgunean:
Gainera, aterpeak hiriko auzo guztietan banatzen dira, eta, beraz, herritar guztientzat daude eskuragarri, beste eremu batzuetara joan beharrik gabe.
Aterpe klimatikoen tipologia
2023an, Donostiako Udalak aterpe klimatikoen sare bat diseinatu eta gaitu zuen, klima aldaketara egokitzeko proiektu gisa. “Barneko aterpeek tipologia desberdineko eraikinak hartzen dituzte, hala nola kultur etxeka, liburutegiak, museoak, elizak, merkataritza zentroak, naturaren interpretazio zentroak edo kiroldegiak. Horri esker, aisia eskaintza handia dago, erosotasun termikoko baldintza onekin” gaineratu du Garciak.
Kanpoko aterpeak hiriko parke eta lorategi sare batek osatzen ditu, gutxi gorabehera 300 hektareako azalera duena. Sarea hiriko hiri inguruko parke handiek (Miramongo basoa, Ametzagañako parkea, Ulia mendiko parkea), hiriko parke historikoek (Aiete, Gladys Enea, Miramar), lorategi-eremu batzuek (Oroimenaren lorategia) eta pasealekuek (Bulebarra, Bizkaia eta Frantzia) osatzen dute.