EH Bilduk dio udal gobernuak ezin dituela ardura politikoak saihestu Vista Eder etxearen aferan

Gipuzkoako Fiskaltzak Vista Eder etxearen eraisketan eta Nobu hotelaren eraikuntzan “delitu zantzuak” daudela ebatzi du, Ancora elkarteak atzo jakinarazi zuenez. Horren aurrean, EH Bilduk ohar bat plazaratu du udal gobernuak afera horretan izandako jokabidea kritikatzeko: “Ustezko ilegaltasun nabarmenaren aurrean, dilijentzia falta izan du EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak”.
EH Bilduren arabera, udal gobernua “legearen kontra” aritu da afera honetan. “Denbora honetan udal araudia bete ez izanaren etengabeko ebidentzien aurrean, udal gobernuaren erantzuna beti izan da justifikatu ezin dena justifikatzen saiatzea, agerian utziz bere diligentzia eta ardura falta, hala nola berezko borondatea prozesuan zehar”, salatu dute.
Eneko Goia alkateari atzo gai honen inguruan galdegin zioten, eta adierazi zuen Nobu hotela eraiki duen enpresa pribatuaren erantzukizuna dela gertaturikoa. EH Bilduk, ordea, alkatearen hitzak ez ditu ontzat hartu: “Gertaera honen aurrean, udal gobernuak ezin du beste alde batera begiratu, ezta ere erantzukizuna soilik promotore pribatuen bizkar gainean jarri. Haien betebeharra da emandako lizentzien kontrola eta jarraipena egitea, bai eta udal ondarearen eta ondare eraikiaren defentsa egitea ere, eraitsitako eraikinari. Vista Eder etxeak D mailako babesa zuen”.