Gizonezko bat atxilotu dute bere gauzak lapurtzeko emakumezko bati erasotzeagatik

Ertzaintzak 59 urteko gizonezko bat atxilotu du kalean emakumezko bati erasotzeagatik bere gauzak lapurtzeko. Biktima erasotzailearen ezaguna da, bost aldiz urratu du harengandik urruntzeko agindua eta ez da eraso egiten dion lehen aldia. Astelehenean, epaileak hura espetxeratzeko agindua eman zuen.
Igandean, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek ikusi zuen Gernikako Arbolaren pasealekuan indarkeriaz egindako lapurreta. Erasotzaileak emakumezkoa lepotik eta besoetako batetik helduta eta horma baten kontra estutua zuen. Agenteak gizona apartatu, eta eskuetan biktimaren sakelako telefonoa eta diru zorroa zituela ikusi zuen. Patruila bat bertaratu zenean egiaztatu zuten Donostiako epaitegi batek emandako urruntze agindu bat indarrean zuela eta ez zela biktima erasotzen zuen lehen aldia. Hori dela eta, indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta emakumezkoaren aurkako indarkeriaren esparruko neurri bat urratzearen delitua leporatuta atxilotu zuten.
Polizia aurrekarien arabera, erasotzailea eta biktima elkarrekin bizi izan dira Donostiako emakumearen etxean, eta mehatxu, bortxa eta tratu txarrak jaso ondoren, Ertzaintzak hainbat atestatu bideratu bideratu zituen eta genero indarkeria espediente bat aktibatu zuen. Azken hilabeteotan, gizonezkoa bost aldiz ikertu edo atxilotu dute biktima babesteko emandako agindu judiziala behin eta berriz urratzeagatik.