«Intza gure lekua da, euskaldun guztiona»
Dani Fano donostiarrak 'Intza, ez da munduan beste bat' komikia plazaratu du, eta horren inguruko elkarrizketa egin diote 'Berria' egunkarian.

Donostiako Intza tabernan frankismoan zer gertatu zen kontatzeko, Intza, ez da munduan beste bat komikia aurkeztu du Dani Fano marrazkilariak (Donostia, 1968). Euskaldunei aitortza egiteko eta biktimei maitasuna adierazteko modu bat da lana, eta Intzan bertan eskura daiteke.
Horren harira, elkarrizketa interesgarria egin diote Berria egunkarian. Hona hemen pasarte esanguratsu batzuk:
Ziur ez dela bertzerik egonen?
Zoritxarrez, Intzakoa ez da kasu bakana, horrelako kasu asko gertatu baitziren Euskal Herrian gerra garaian. Hain justu lehengo astean jakin nuen Juan Antonio Irulegi ez zela izan Donostiako tabernari fusilatu bakarra. Juan Antonio Irulegik eta Paulina Garmendiak sortu zuten Intza, 1933an, eta sortu bezain laster bilakatu zen euskaltzaleen bilgune. Han jartzen zituzten, esaterako, euskarazko lehen irratsaioak. Han biltzen ziren euskaldun guztiak, irrati txiki baten bueltan. Karlistak etorri ziren arte. Hori da. Karlisten helburua Intzan sortzen zen espazio horretan zegoen, hor zegoen bilatzen zutena, eta taberna ixtearekin batera Juan Antonio Irulegi atxilotu eta fusilatu zuten. Gaur egun, ez dakigu haren hilotza non dagoen.
Zer gertatu zitzaion Paulina Garmendiari?
Bertako sukaldaria zen, oso ezaguna Donostian. Sekulako eskua zuen, eta jakintza handia. Atxilotuta gelditu zen taberna barruan, eta etxea kendu zioten, tabernaren goiko pisuan zuena. Bi seme-alaba txiki zeuzkan, eta eskatu zien utzi ziezaiotela tabernan lan egiten, bere bizimodua zelako eta haurrei nonbaitetik eman behar zielako jaten. Utzi zioten, baina baldintza batekin: Intza ez, baizik Bar España izena eduki behar zuen. Zapalkuntza metodo ezaguna da hori, ez da hiltzea bakarrik. Euskal arrastoa ezabatzea.
Noiz bihurtu zen berriz Intza?
Franco hil zenean. Baina Paulinak ez zuen jarraitu nahi izan.
Zergatik?
Beldurra hezur muinetaraino sartu ziotelako. Haren erreleboa Koro Solanak hartu zuen, gaur egungo jabearen amak. Koro taberna izenez aldatzera joan zenean, konturatu zen erregistroan ez zutela behin ere izenez aldatu. Paulinak sekulako depresioa izan zuen, eta eskizofrenia ere bai azkenerako. Medikuek zioten sufrimenduagatik bukatu zuela horrela. Beldurra errotu egiten da, eta beldur horrek ez zion utzi taberna berriz ere bere bihurtzen.
Baina asmatu zuen erreleboa ematen.
Paulinak errelebo kulturala pasatu zuen, eta gastronomikoa; taberna egiteko modu bat irakatsi zien. Gero, Korok Koldori pasatu zion, eta Koldo orain Asierri pasatzen ari zaio. Falta ditugunean ohartzen gara horrelako lekuen garrantziaz, eta, egun, Donostiako Parte Zaharrean aukeratu egin behar da nora sartu. Intzan argi dute zer izan nahi duten eta norentzat.
Zer izan nahi dute?
Donostiak gaur egun turistifikazio basatia bizi du, aspaldi honetan gehiegikerian erorita dagoena. Donostiarroi, batez ere Parte Zaharrean, gure lekuak kendu dizkigute, baina badira batzuk oso gureak izan direnak beti, eta Intza da horietako bat. Intza gure lekua da, euskaldun guztiona. Donostian beti egon dira turistak, eta ongi etorriak dira denak, baina gurera etortzen direnean, gure moldeetara. Intzak ez du ezer aldatu turisten neurrira, eta horregatik sentitzen dugu hain gure.