Beste manifestazio bat egin dute Manteon, eskailerak ez botatzeko eskatzeko

200 lagun inguru elkartu ziren atzo arratsaldean Manteoko frontoitik abiatuta egin zuten manifestazioan. Aurreko asteetan egin moduan, atzo ere Nafarroa etorbidetik auzunera sartzeko eskailerak ez kentzeko eskatu zioten udalari, Kursaaleraino egin zuten ibilbidean. Hain zuzen ere, Nafarroa etorbidetik Manteo ingurura doazen eskailerak kenduko dituzte GOeko lanen ondorioz, eta auzunera iristeko sarbide logikoena izanik, asko izan dira dagoeneko hori gerta ez dadin egin dituzten protestak.
Esaterako, astearte honetan eserialdia egin zuten, goizean goiz hasita. Astelehenean ere hori bera egin zuten eta tentsio uneak bizi izan zituzten Amenabar enpresako langile batzuekin. Asteartean, bizilagunek hedabide honi azaldu ziotenez, bertan eserialdia egiten ari zirela, langile batzuk inguruan lanak egiten hasi ziren eta, bizilagunak kentzen ez zirela ikusita, “Ertzaintzari deitu” zioten. Horrela, agente batzuk bertaratu ziren, “bizilagun bat identifikatu zuten” eta “isunak jartzen hasiko zirela ohartarazi zuten”. Horren aurrean, bizilagunak altxatu eta joan egin ziren.
Atzoko manifestazioa hasi aurretik, bizilagunek azaldu zuten udalarekin edo Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziarekin bildu nahi arren, ez dietela kasurik egiten. Horrela, manifestazioan zehar, Goia entzun, Mateo borrokan!, Goia dimisioa! eta Goia, Yarza, etxera! oihuak entzun ahal izan ziren.
Gaur, eskailera horien gaia jorratu da udalbatzarrean, eta bizilagunek iragarri dute bertan egongo direla.







