Jon Ansotegi izango da Realaren bigarren taldeko entrenatzailea
Imanol Agirretxe izango da Ansotegiren laguntzailea Reala B-ren aulkian.

Realak baieztatu du Jon Ansotegi izango dela Reala B-ko entrenatzailea 2025-2026ko denboraldian, baita Imanol Agirretxe bere laguntzailea izango dela ere. Gaur egun, lehen taldeko hirugarren entrenatzailea da Ansotegi, eta Agirretxe bigarren taldeko laguntzailea, Iosu Rivasekin.
Ansotegik 227 partida jokatu zituen futbolari gisa klub txuri-urdinean, hamaika denboralditan zehar, atzelari gisa. Jokalari gisa erretiroa hartu ostean, teknikari lanetan hasi zen harrobiko jokalarien prestakuntzaren bigarren etaparen koordinazioan, eta, ondoren, azken zazpi denboraldietan, lehen taldeko lantaldean egon da.
Agirretxek, bestalde, 272 partida jokatu zituen lehen taldearekin, hamar denboralditan. Ondoren, harrobi txuri-urdinean hasi zen lanean, kadete adinetik Reala B-raino aurrelariekin bakarkako lana eginez, bera aurrelaria baitzen jokatzen zuenean. Aldi berean, lehen taldetik utzita ateratzen ziren jokalarien ardura zuen Usurbilgoak.