«Lan baldintza duinak, egonkortasuna eta duintasun profesionala» eskatu dizkiote Osakidetzari Donostia ospitaleko langileek

Donostia ospitaleko langileek elkarretaratze jendetsua egin dute gaur goizean ospitalearen aurrean. “Mugara” iritsi direla salatu dute, “denbora gehiegi” daramatelako Osakidetzaren partetik “akatsak, atzerapenak, errespetu falta eta kudeaketa negargarria” jasaten.
Salatu dutenez, Osakidetzak epeak iragartzen ditu irekita dauden prozesu desberdinetan, baina ondoren, “ez ditu betetzen”. Nabarmendu dute data horiek aldatu egiten dituela Osakidetzak, eta “mezu kontraesankorrak” zabaltzen dituela, langileak “etengabeko ziurgabetasun egoeran” mantenduz.
Langileek denbora luzez itxaroten dituzten kontratazio zerrendak argitaratzen direnean, “akatsez gainezka” egoten direla salatu dute: “Kudeaketa txarrak, onartezinak diren akatsak, erreklamazio masiboak eta konfiantza galerak sortzen ditu”.
Horrez gain, nabarmendu dute “denbora gehiegi” daramatela interinitate eta lekualdaketa eskaintzarik gabe. “Aukerarik gabe gure bizitza profesional eta pertsonalak egonkortzeko. Eta bien bitartean, gure lana, gure ardurazko jarrera eta gure konpromisoa dira Osakidetza eusten dutenak”, aldarrikatu dute langileek.
Nabarmendu dute Osakidetza dela horren guztiaren arduraduna, eta irtenbideak exijitu dizkiote. “Ez gara pribilegioak eskatzen ari. Errespetua, lan baldintza duinak, segurtasuna, egonkortasuna eta duintasun profesionala eskatzen ari gara”, adierazi dute.
Jakinarazi dutenez, baliteke hemendik aurrera elkarretaratze gehiago egitea, “hau ez delako gaurtik biharrera amaituko”. “Borrokan jarraituko dugu, eta ikusita langileen erantzuna zein izaten ari den eta beraien eskaeretako bat hau izan dela, hau aurrera joango da seguru”, azaldu dio hedabide honi Aitor Larreak, pertsonal batzordeko hautatuetako batek.