Lan baldintzak hobetuko dizkien hitzarmen propio bat aldarrikatu dute CAF Power & Automationeko langileek

CAF Power & Automationeko langileek elkarretaratze jendetsua egin dute gaur Miramongo parke teknologikoan, beraien lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen propio bat eskatzeko.
Enpresa duela 22 urte sortu zen, CAFentzat trenetarako teknologia handiko soluzioak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko. CAF Power & Automation 280 ingeniarik eta prestakuntza handiko lizentziatuk baino gehiagok osatzen dute, eta langileen lan baldintzak duintzen dituen akordioa eskatu diote CAFeko zuzendaritzari. Ordea, zuzendaritzaren aldetik “benetako negoziaziorako borondaterik eza” soilik jaso dutela salatu dute langileek.
Iñigo Alberdi CAF Power & Automationeko proiektu kudeatzaileak eta langileen batzordeko kideak hedabide honi azaldu dionez, gaur elkarretaratzea egitea erabaki dute urteetan zehar, beraien eta Beasaingo zentraleko langileen lan baldintzetan “arrakala gero eta handiagoa” dela ikusi dutelako. “Guri integrazio bat saltzen diguten heinean, gure lan balditzetan ez dugu integrazioa ikusten”, salatu du.
Alberdik nabarmendu duenez, langileen ustez, zuzendaritzak ez ditu legeak jasotzen dituen hainbat puntu betetzen. Dagoeneko salatu dituzte desadostasun horiek, baina enpresaren erantzuna “ezezkoa” izaten da beti. “Azkenean, guri eskatzen diguten lana bikaina izatea exijitzen digute, eta emaitza on asko lortzen ditugu. Beraz, guk egindako lan guztiagatik, sari moduan edo berdintasunerako momentu gisa, arrakala murriztea eskatzen dugu, denok batera joateko”, azaldu du langileek batzordekoak.
Langileen eskaerak
Langileek aldarrikatu dutenez, CAF Power & Automationen egindako lanari esker, bermatu ahal izan dute CAFek bere trenen kontrol elektronikoa izatea, bere trakzioko ekipoak izatea eta energia akumulazioko teknologia propioarekin trenak mugitzea.
Hala ere, lan hori ez dagoela behar bezala aitortuta uste dute, izan ere, Beasaingo beraien lankideek baino 100 lan ordu gehiago egiten dituzte urtean, batez besteko soldatan %20 gutxiago kobratzen dute eta oraindik ez dira “CAFen integratutako sail baten moduan” ezagutzen, benetan hala direnean.
Mobilizazioak maiatzaren 8an hasi zituzten, elkarretaratze txiki batekin. “Baina ikusita enpresak ez diela gure eskakizunei erantzunik eman, eta maiatzaren 8a baino lehen eman dizkiguten erantzun txiki horiek barregarriak izan direla ikusita, mobilizazio txiki batzuekin hasi gara, eta aste honetan jarraitu dugu”, adierazi du Alberdik.
Greba orokorra
Hurrengo astean, beste hiru egunetan egingo dituzte mobilizazioak: asteartean (ekainak 3), ostegunean (ekainak 5) eta ostiralean (ekainak 6). Lau orduko lanuzteak dituzte antolatuta egun horietan, eta Donostian, Iruran eta Beasainen egingo dituzte elkarretaratzeak.
“Badakigu erabaki horiek ez direla hemen hartzen, Beasainen baizik. Horrekiko, gure erantzuna honakoa da: guk hara joan behar badugu gure baldintzak hobetzera, gure baldintzak zuekiko parekatuta egon behar dute”.
Momentuz, lehen fase hau Beasainen eta Donostiako parke teknologikoan bertan amaituko da, ekainaren 11n, greba orokor batekin.