Uliako bizilagunak bildu dira auzoaren etorkizunaz hausnartzeko eta mobilizatzeko

Uliako Auzo Elkartearen ekimenez, auzoko bizilagunek bilera egin zuten asteazken arratsaldean Okendo Kultur Etxean. Elkarteak 50 urte bete ditu eta topaketaren helburua auzoaren egoerari buruzko hausnarketa partekatu egitea zen, datozen hilabeteetarako ekintza kolektiboak adostea eta partekatzea; besteak beste, lehiaketak, lasterketak, talde erakusketa parte hartzailea, hitzaldiak…
Antolatzaileek azaldu dutenez, bizilagunek aktiboki parte hartu zuten, “belaunaldi eta ikuspegi anitzetatik”. Giro “dinamiko eta irekian”, auzoa jasaten ari den presio urbanistikoaren ondorioez hitz egin zuten, bereziki, Basque Culinary Centerren Manteoko eraikinak auzoko bizitza komunitarioan eta ingurumenean duen eraginaz.
Mende erdia ospatzeaz gain, elkarteak herri mugimenduaren indarra eta auzoaren memoria bizirik mantentzeko beharra nabarmendu zuten. Hala, zenbait asmo sortu ziren: informazio kanpainak, memoria historikoa jasotzeko proiektuak eta mobilizazio berriak, herritar guztien parte hartzea sustatzeko.
Elkartearen ustez, “espazio publikoen defentsa ez da soilik galera baten aurkako erreakzioa, bizitza duin eta inklusibo baten aldeko apustua baizik”; horregatik datozen asteetan jarraipena izango du prozesuak. Ekainaren 11n bilera berri bat egingo dute Okendo Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan, “parkearen espolioaren” aurkako auzi judizialari buruzko azken berriak aurkeztuko dituzte.