Bigarren bizitza bat, gizarte osoaren onurarako
San Sebastian Shops hiri merkataritzako plataformak eta Emaus Gizarte Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Donostiako saltokietako soberakinak eta altzariak modu egokian kudeatzeko. Horrek indarrean dagoen hondakinen legea betetzea eta ekonomia zirkularra indartzea ahalbidetuko du, jasotako produktuek bigarren bizitza bat izango dutelako, berrerabiliz eta birziklatuz.

Ekonomia zirkularra eta merkataritza jasangarria sustatzea beharrezkoa da ingurumen erronkei aurre egiteko. Era berean, gaur egun, gero eta lege gehiago egiten dituzte gizarte ekologikoago bat eraikitzeari begira; adibidez, 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa. Laburbilduz, lege horrek jasotzen du ekoizleak ekoizten duenaz arduratu behar duela, modu arduratsu batean. Ekonomian, Ekoizlearen Erantzukizun Zabaldua deitzen zaio, eta horren arabera, kontsumo ondasunen fabrikatzaileek eta inportatzaileek beren produktuen ingurumen inpaktuaren ardura hartu behar dute, modu kolektibo edo indibidualean.
Donostian, hori bultzatzeko hitzarmen aitzindari bat egin berri dute San Sebastian Shopsek eta Emaus Gizarte Fundazioak. Hitzarmenari esker, hiriko tokiko merkataritzako dendetan sobran geratutako produktuak (arropak, altzariak eta beste) Emaus Gizarte Fundaziora bideratuko dituzte, fundazioak bere dendetan berriro ere salgai jartzeko eta bigarren bizitza bat emateko. Xehetasunak azaltzeko, zita egin dugu Nerea Rodriguez (Andoain, 1978) SS Shopseko gerentearekin eta Aiala Fernandez (Intxaurrondo, 1976) Emaus Gizarte Fundazioko marketin, komertzial eta komunikazio arduradunarekin, Emausek Easo kalean duen dendan.
Hondakinik ez sortzea helburu
Rodriguezek azaldu duenez, merkatariak gaur egun “kontzienteagoak” dira erosketak egiterako orduan, baina garai batean, produktu gehiegi erosten zituzten salgai jartzeko. Arazoa, saltzen ez zutenarekin zer egin ez jakitea zela dio: “Gaur egun, digitalizazioa dela eta, erosketak egiteko askoz ere kontzienteagoak dira, eta beraz, erosten dute kalkulatuz zenbat salduko duten. Lehen, gertatzen zen stock asko izaten zutela, eta batzuetan, segun eta zein enpresarekin lan egiten zuten, bazutela aukera hori itzultzeko; baina askotan, almazenetan gelditzen zen guztia, ia beti. Orduan, stock hori beherapen oso handiekin atera behar izaten zuten, eta horrek esan nahi du dendan ezin zituztela produktu berriak sartu eta bestea gainetik kendu behar zutela, gastatutako dirua berreskuratzeko”.
Gainera, batzuetan, merkatariak “galtzen” ateratzen zirela nabarmendu du Rodriguezek, Donostiako dendak nahiko txikiak direlako eta almazenetan ez delako stock asko sartzen. Bestalde, denborarekin, alferrik galtzen ziren produktu asko, almazenean zikindu egiten zirelako eta ezin izaten zirelako berriro erabili. “Zentzu horretan, esan dezakegu hitzarmen hau aitzindaria dela, batez ere, Donostiako merkatarien sare osoarekin egiten dugulako lan. Hau da, ez da elkarte bateko bazkide izan behar, izan ere, hirian egoteagatik soilik, erraztasuna izango dute sobran geratutako produktuak Emausera bideratzeko”, azaldu du Rodriguezek, eta gehitu du sare hori “oso garrantzitsua” dela, 2.400 saltokiz osatuta dagoelako.
«Hondakinak baliabide kontsideratzen ditugu, aztarna ekologiko gutxien uzten duen modua baita hori»
Aiala Fernandez, Emaus Gizarte Fundazioa
Bere aldetik, Emaus Gizarte Fundazioak, 45 urteko ibilbidean, beti egin izan du lan bi oinarri uztartuz: bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen gizarteratzeko aukerak bermatu ahal izatea esparru pribatuan eta profesionalean, eta hori ekonomia zirkularraren barruan egitea. “Inklusioan eta berrerabilpenean daukagu fokua jarrita. Bigarrenari dagokionez, hondakinak baliabide kontsideratzen ditugu, azkenean, aztarna ekologiko gutxien uzten duen modua baita hori, beti helburu izanik ahalik eta hondakin gutxien sortzea, jakinik zenbat gainprodukzio dagoen”, nabarmendu du Fernandezek.
Horrela, arropari dagokionez, urteko bi sasoitan egingo ditu dendetako soberakinen bilketak Emausek. Batetik, udaberriko eta udako arropa jasoko dute denboraldia bukatzen denean, beherapenen ostean. Eta bestetik, udazkeneko eta neguko arroparekin berdin egingo dute, neguko denboraldia amaitzen denean. Horrez gain, dendetan dauden eta dagoeneko erabiliko ez dituzten altzariak eta tresnak Emausera bidaltzeko aukera ere izango da, bigarren bizitza bat emateko asmoz.
Emaus Gizarte Fundazioak sei denda ditu Gipuzkoan, eta horietako bi Donostian daude. Ahal dela, dendetan bildutako soberakin horiek Donostiako Emausen dendetan banatzea da helburua, baina baita Gipuzkoan ere, bezero tipologia aintzat hartuz. “Tokian tokiko bezero segmentazioa desberdina da. Nahiz eta oso kilometro gutxiko aldea egon, ez da berdina Easo kalean egotea Donostian edo Irungo Bentetan edo Arrasaten; adibidez, azken horretan, mendira joateko askoz ere ohitura handiagoa baitute. Azkenean, gure dendak irabazi asmorik gabekoak dira, baina urte askotan arituak gara, profesionalizatuta gaude, eta ikuspegi horretatik abiatzen gara, kontuan izanik zero kilometro deitzen diogun hori ahalik eta gehien bermatzea”, zehaztu du Fernandezek.
Moda ala kontzientzia?
Gaur egun, aukera asko dago Donostian bigarren eskuko produktuak eskuratzeko. Emausen dendez gain, badira beste hainbat ere, eta arrakasta izan ohi dute bezeroen artean. Gainera, Vinted, Wallapop eta halako aplikazioek ere gorakada bat bizi dute azken urteetan, bigarren eskuko gauzak saltzeko eta erosteko baliabideak eskainiz. Ordea, modagatik izan al dute gorakada hori, ala benetako kontzientzia bat dago horren atzean?
Rodriguezen arabera, “kontzientzia batekin hasi zena”, pixka bat modarekin ere nahastu da orain. “Moda kontu bat da, baina nik uste dut modaren azpian beti dagoela kontzientzia bat, eta zerbait berezia, pertsonalitatea ematea zure arropei. Baina, baita ere, kontziente izatea kontsumo arduratsu bat egin nahi duzula, edo aspaldian erabili ez duzun zerbait aurkitzea eta, bota beharrean, berriro ere erabiltzen hastea. Uste dut horren nahasketa bat dela une honetan”, erantzun du SS Shopseko gerenteak.
Fernandez ere bat dator berarekin: “Uste dut ez dela gauza bat edo beste, eta kontuan hartu behar da denbora luzeko prozesu bat dela. Halako aldaketak ez dira egiten egun batetik bestera, eta oraindik bide luzea dugu egiteko. Hau geratzeko etorri da, baina esan bezala, prozesu luze baten ondorio da, jende askoren eskuzabaltasunaren, parte hartzearen eta profesionaltasunaren ondorioz lortutakoa, eta esparru eta profil desberdinen arteko lanketaren ondorio”.
Uste hori zabalduta egon badaiteke ere, bigarren eskukoa izateak ez du esan nahi kalitate txarrekoa denik. Ildo horretan, Fernandezen aburuz, Emaus Gizarte Fundazioaren dendetan, adibidez, asko hobetu da kalitatea. “Iristen zaizkigun produktu guztiekin kalitatea aztertzeko prozesu bat egiten dugu, beraz, salmentan dagoen guztiak aldez aurretik begirada profesional bat izan du kalitatea bermatzeko”, ziurtatu du. Prezioari dagokionez, batezbesteko bat egiten dute, “inklusioa hor ere aintzat hartuz”, eta batez besteko prezioa 8 euro ingurukoa izaten da. “Horrek ez du esan nahi jaka bat 30 euroan egon ezin denik, edo kamiseta bat euro eta erdian. Nik uste dut 8 euroko batez bestekoan edozein pertsona moldatu daitekeela, eta gainera, neurri eta estilo guztietako produktuak izaten ditugu”, azaldu du Fernandezek.
Hala ere, biek ala biek nabarmendu dute kontua ez dela “taliban” jartzea. “Kontzienteki modu iraunkorrean erabiltzea, ustiatzea eta erostea da gakoa, kontuan hartuz zenbat gauza behar ditugun, jakinik guztiok ditugula kapritxoak. Baina kapritxo horiek asetzeko garaian, bigarren aukera ez dadila izan azkeneko aukera. Ezta modu taliban batean ere; nik uste dut askotan jantzi ditzakegula bigarren eskuko jantziak lehen eskukoekin konbinatuta, eta horretara animatzen dugu jendea”, adierazi du Fernandezek. “Azkenean, oreka bat bilatu behar da, inposatu gabe bakoitzak zer egin behar duen”, gehitu du Rodriguezek.
Ingurumenean duen inpaktua
Espainiako Estatuan lan egiten duen Aeress plataformak badu ingurumen kalkulagailu bat, eta produktuei bigarren bizitza bat emateak ingurumenean duen eragina ere aztertzen du. “Bertan jasotzen da, batez ere, CO2 isuriak dezente gutxitzea lortzen dela. Gainera, ehunen produkzioan, besteak beste, izugarrizko ur kantitate handia erabili behar izaten da, eta munduan badira hainbat herrialde uraren kudeaketan sekulako arazoa dutenak. Horrez gain, uraren kutsadura ekiditeko ere onuragarria da, baita ehunen esplotazio jasangarria egiteko ere, esan bezala. Azkenean, gure arropak egin ahal izateko, ehunak erabili behar dira, eta horiek ere agortu egingo zaizkigu noizbait”, nabarmendu du Fernandezek.
Testuinguru horretan, gailuak zaharberritzeaz ere hitz egin du Rodriguezek: “Gailu elektrikoek badituzte beste material batzuk ere, eta jakin behar da horiek kudeatzen. Polita da zerbait puskatuta dagoenean konpondu eta berriz erabiltzea, eta nik uste dut bigarren eskuko altxorrak aurkitzea ez dela soilik arroparekin gertatzen, baizik eta aukera dagoela altzariekin edo dekorazio elementu bereziekin ere hori egiteko”.
«Elkarlanean gauzak ondo ateratzen dira, eta indarrak batuz lortuko dute onura merkatariek»
Nerea Rodriguez, San Sebastian Shops
Orain arte, ez da modurik egon Donostiako dendetan zenbat soberakin sortzen zen zenbatzeko. Hala ere, hitzarmen berri honi esker, hori egiteko aukera egongo da aurrerantzean. “Nik uste dut hemendik aurrera ikusiko dugula eta lanketa polita izango dela datu zehatzak edukitzea, edo behintzat, orientazio bat izatea datuekin, ikusteko benetan nolakoa den Donostiako argazkia stockari dagokionez. Interesgarria izango da beste motatako programak lantzeko, eta guretzat abiapuntua izango da, zentzu horretan, ez daukagulako daturik”, aitortu du Rodriguezek.
Saltokiei dagokienez, hitzarmen honetan parte hartzeak “domino efektua” izan dezake hirian, Fernandezen aburuz: “Akaso, lehen aldi batean, segun eta nolakoa zaren, animatuko zara ala ez, edo errezelo puntu bat izan dezakezu, baina zenbat eta jende eta saltoki gehiago animatu, hori ere nolabait hedatzen joango da, eta nik uste dut horrelako ekimenek garrantzi hori ere badutela”.
Jasangarritasuna bide orri
Hitzarmenak aurrerapauso bat suposatuko badu ere, Donostian tokiko merkataritza osatzen duten dendak dagoeneko ari dira lanean merkataritza jasangarria bultzatzeko. “Saltoki askok Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatzen dituzten programetan hartzen dute parte, batez ere, formakuntzari dagozkienak. Horri esker, badakite zein motatako erosketak egin behar dituzten gero eta stock gutxiago izateko, adibidez. Horrez gain, elektrizitatearen eta uraren fakturak errepasatzeko aukera ere eskaintzen zaie, eta askok led argiak ere jarri dituzte gutxiago kontsumitzeko. Horrez gain, materialetan ere izan dira aldaketak; adibidez, dendetako poltsetan gero eta gehiago ikus daiteke hori”, zehaztu du Rodriguezek.
Hala ere, merkataritza jasangarria bultzatzeko politikak gehiago indartu beharko liratekeela uste dute. “Legea hor dago, eta guk lege hori betetzea egiten dugu. Ordea, gauza asko daude betetzeko: Ticket Bai eta halakoekin, merkatariek burokrazia aipatzen digute askotan. Udalera edo aldundira joaten dira diru laguntzak lortzeko informazio bila, eta traba askorekin egiten dute topo. San Sebastian Shopsen erraz jarri diegu, klik bat egitearekin informazioa eskura dutelako, eta nik uste dut instituzioek ere gauzak erraz jartzeko politikak egin behar dituztela, eta informazioa herritarren aurrean jarri”, nabarmendu du Rodriguezek.
Burokraziaz gain, merkatariek “lan karga oso handia” izaten dutela gaineratu du, dendan egoteaz gain, sare sozialak eraman eta erosketak egin behar izaten dituztelako, besteak beste. Eginbehar horiei, beste hainbat gehitu dizkie Fernandezek: “Bezeroak gero eta zorrotzagoak dira, erakusleihoak astero aldatu behar dira eta saltzen diren kantitateek ere ez dizute bermatzen egitura handiko denda bat izatea. Orduan, sekulako esfortzua dago atzetik, eta uste dut horri balioa eman behar zaiola. Garrantzitsua da tokian tokiko merkataritza sustatzea eta babestea, eta SS Shopsen gisako elkarteen eskutik lortzen da hori, informazioa erraz jartzen baitute”.
Ildo horretan, helburu berdinak dituzten eragileen eta elkarteen arteko lankidetza zein garrantzitsua den nabarmendu du Fernandezek. “Zenbat eta gehiago izan sarean elkar laguntzen dugunok, orduan eta onura eta etekin gehiago izango da gizartearentzat. Izan ere, tokian tokiko merkataritzaren aldeko joera egin ezean, kaleak hilda geratuko zaizkigu. Eta horren adibide, AEBtako hiri handietako kaleak zein hutsak geratzen diren bulegoak ixten dituztenean”, gogorarazi du.
Ekonomia zirkularraren eta merkataritza jasangarriaren kontzientzia “pixkanaka pizten” ari dela adierazi dute, eta eragileek hor egon behar dutela horiek bultzatzen. Bide horretan, politikek ere sentsibilizazio kanpainak egitera bideratuta egon beharko luketela uste dute batetik, eta bestetik, merkatariei burokrazia aldetik gauzak erraztera. “Elkarlanean gauzak ondo ateratzen dira, eta indarrak batuz lortuko dute onura merkatariek”, nabarmendu du Rodriguezek. Konbentzituta daude Donostia gizarte estilo horretara bideratzeko beharrezkoa dela elkar saretzea.