Herrerak elkartuko ditu Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako bolari onenak
Arrobitxulo parkeko bolatokia lehiaketa handi baten agertokia izango da bihar: Euskadiko Bolo Txapelketarena. Bolariak, bolo zaleak eta auzotarrak elkartuko dira bertan, auzoaren historian garrantzi handia izan duen kirolaz disfrutatzeko.

Herrera eta Intxaurrondo lotzen dituen Arrobitxulo parkeko bolatokian ohi baino mugimendu gehiago egon da azken egunotan: bolariak entrenatzen, jendea bolatokian azken orduko konponketak eta egokitzapenak egiten, auzotarrak gora eta behera dena antolatzen, eta abar. Ez da gutxiagorako, ezin baitu ezerk huts egin biharko egun handirako: Euskadiko Bolo Txapelketa egingo dute bertan, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako gizon eta emakume bolari onenekin.
Herrera Kirol Elkarteak eta Ategorrietako bolatokian bola jokoan ibili ohi diren hainbat bolarik antolatu dute txapelketa, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako eta Euskadiko Bolo Federazioen eta Euskal Giroa elkartearen laguntzarekin. «2021ean Arrobitxuloko bolatokia inauguratu zutenetik, Donostiako Udalak interesa erakutsi du bolatokiak indartzeko garaian, besteak beste, Euskal Jaietan txapelketa bat antolatuz. Filosofia horri jarraiki, Euskadiko Txapelketa hemen antolatzea ideia ona iruditu zitzaigun eta Herrerakoengana jo genuen», azaldu du Ategorrietan aritu ohi den Iosu Lazkano bolariak. Herrera Kirol Elkartean, Manex Ralla kideak gaineratu duenez, ez zuten zalantzarik izan aurrera egiteko garaian, «elkarteko estatutuetan boloak sustatu beharreko kirol gisa baitaude sartuta».
Goizean goizetik
Bihar, goizean goizetik hasiko da lehia Arrobitxulon, Rallak azaldu duenez: «08:00etan hasiko da bola jokoa, 14:30ak arte, gutxi gorabehera. Goizean zehar, Euskal Giroa elkartearen eskutik, hamaiketakoa eskainiko dugu parte hartzaileentzat, eta eguerdian, sari banaketarekin eta Herrera Kirol Elkarteko bazkariarekin amaituko dugu». Lehiaketaz harago, «goiz pasa» egingo dutela gehitu du kirol elkartekoak: «Bolatoki mugikor bat eta tokarako zelaitxo bat ere jarriko ditugu, federazioaren eskutik, edonork aukera izan dezan bola jokoan aritzeko. Eta, Donostiako Udalaren laguntzarekin, esatari bat ere edukiko dugu, goiza girotzeko. Edonor etorri daiteke goiza pasatzera!».
Euskadiko Bolo Txapelketa urtero antolatzen dute, eta herrialde bakoitzak hiru urtean behin antolatzen du, Lazkanok azaldu duenez: «Aurten, Gipuzkoari dagokio antolatzea eta Herreran egingo dugu; hurrengo urtean Bizkaiari egokituko zaio, hurrengoan Arabari eta buelta». Antolatzaileek gogoratu dutenez, 2022an izan zen Gipuzkoako azkena, Ereñotzun antolatutakoa, eta Herreran 2002an izan zen azkenekoz.
Txapelketatik harago, urte osoan zehar aritzen dira bola jokoan bolariak: «Denboraldia urtarrilean hasten da, eta Euskadiko txapelketa izaten da denboraldi erregularraren bukaera, maiatza bukaeran edo ekaina hasieran. Denboraldian zehar, Gipuzkoako bolatokietan lehiatzen ibiltzen gara, Euskadiko txapelketarako sailkatzeko helburuarekin. Bestalde, udazkenean, taldekako txapelketa jokatzen dugu», kontatu du Lazkanok. Horrela, bihar, herrialde bakoitzean denboraldi onena egin dutenak etorriko dira Herrerara; zehazki, bakoitzeko hamabost gizon onenak eta hiru emakume onenak.
Denboraldi onena egin dutenak etorriko dira Herrerara; herrialde bakoitzeko hamabost gizon onenak eta hiru emakume onenak
Historia handiko kirola
Bola jokoak zaletasun handia sortu izan du Donostian historian zehar, eta ekialdeko auzoetan bereziki: Txingurri inguruan, Jolastokietan, Herrerako tren geltokiaren inguruan eta Julimasenen egon ziren, bere garaian, bolatokiak, esaterako. Herrerako azken bolatokia mende honen hasieran bota zuten, eta auzotarrek urte luzez eskatu ostean, udalak, Ekialdeko Barrutiaren bitartez, Arrobitxulo parkekoa inauguratu zuen 2021ean. Ez da, ordea, Altzako bolatoki bakarra, San Martzial plazan beste bat baitago.
Era berean, gizon eta emakume bolari handiak izan ditu Donostiak, hala nola, Patxi Lazkano Otxoki bertsolari eta bolaria. Hain zuzen ere, haren biloba da Josu Lazkano, 2020an zendutako Pedro Lazkano bolaria ezagunaren semea. Hain justu, etxetik datorkio zaletasuna, eta, lazkanotarren etxean behintzat, belaunaldi erreleboa egongo dela argi dauka: «Gure aitonak bolotan aritzeko zaletasun handia zuen, bere etxekoek berarengandik ikasi zuten eta anai-arrebok aitarengandik ere jaso dugu zaletasuna. Eta hurrengo belaunaldia ere badator, iloba txikia, esaterako, bolotan zeharo amorratua baita». Hitz horiek esan dituen bitartean, hain zuzen, haurrentzako bolo batzuekin jolasten ari da iloba.
Lazkanotarren etxetik harago, hala ere, zaletasuna mantentzen dela dio Ategorrietako bolariak: «Irratiarekin alderatu ohi dut: zenbat urte daramatza hiltzen irratiak? Baina bizirik jarraitzen du, bere entzuleak ditu. Honekin gauza bera gertatzen da: urte asko daramatza hiltzen, baina 60-70 bat lagun modu erregularrean gabiltza beti. Eta, tarteka, gazte talderen bat elkartzen da herri edo auzoren batean, bizpahiru urtez asko jolasten dira eta gero, pixkanaka, jolasteari uzten diote; baina horietako batek edo bik jarraitzen badute, guretzat arrakasta da, kirol hau bizirik mantentzeko. Orain, gainera, bolatoki berri bana irekiko dute Oiartzunen eta Urbil merkataritza zentroan, eta horrek gazteen artean interesa piztu dezakeela uste dugu».
Edozein kiroletan gertatzen den moduan, bola jokoan aritzeko ere espazio onak edukitzea ezinbestekoa da, eta Herreran bolatoki aparta dute, lehen aldiz Euskadiko Txapelketa bat hartuko duena. Inoiz bolotan aritu ez direnek aukera aparta dute bertaratu, goiz ederra pasa eta kirol berri bat ezagutzeko.