Zuhaitz Gurrutxaga nahasmendu obsesibo-konpultsiboaz ariko da Lugaritzen

Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta umoregileak nahasmendu obsesibo-konpultsiboarekin bizitako esperientziak partekatuko ditu ekainaren 3an, Antiguako Lugaritz Kultur Etxean. Agifesek antolatutako topaketa 18:00etan hasiko da.
Lehen Mailako jokalari gisa eman zituen urteetatik hasi eta gaurdaino, bakarrizketagile eta aktore gisa egin duen bidea jorratuz, Gurrutxagak buru nahasmenduak bere bizitza pertsonalean eta profesionalean izan duen eragina azalduko du, bere estilo hurbil eta dibertigarriarekin. Gurrutxagak hainbat gako emango ditu nahasmenduarekin bizitzen ikasteko. Horrez gain, azalduko du nola bihurtu duen sufrimendua besteekin konektatzeko tresna.
Gipuzkoarra zentro espezializatu batean egon berri da hainbat dinamika terapeutikotan parte hartzen, eta egonaldi horri buruz ere mintzatuko da. Agifeseko psikologo Nekane Azuabarrena ondoan izango du, eta TOCari buruzko ikuspegi teknikoa eta profesionala emango du. Ohiko hitzaldia baino gehiago, hizlariaren eta bertaratutako pertsonen artean esperientziak, bizipenak eta ikaskuntzak trukatzeko gune irekia izango da.