Aliantzetarako deia egin dute sexu langileen nazioarteko egunean

Ekainaren 2a, sexu langileen nazioarteko eguna dela eta, elkarretaratzea egin du ostiralean Putxs En Lucha kolektiboak beste hainbat eragileekin, tartean, Gipuzkoako Trans Asanbladarekin.
Aurten 50 urte bete dira Lyongo sexu langileak eliza batean giltzapetu zirenetik, jasaten ari ziren jazarpen poliziala eta judiziala salatzeko. “Mende erdi honetan, mugimendu feministarekin, arrazakeriaren aurkako mugimenduarekin eta LGTBIrekin aliantzak egin ditugu, baina, herrialde gehienetan, oraindik ere eskubide osoko langile edo subjektu gisa bezala aitortzarik gabe jarraitzen dugu”.
Salatu dutenez, sexu langileak “entzun gabe” eta “infantilizatzen” ari dira legak egiten, eta horrek, “klandestinitatera bultzatzen” dituztela: “Gu gara hirugarrenentzat berriro lan egitera behartuak gaudenak, gure iragarkiak debekatzen direnean, eta mozal legea, udal ordenantzak eta lan eskubide falta pairatzen ditugunak”.
Elkarretaratzean, feminismo punitibista “salatu” dute, sexu lanaren eta salerosketaren artean egiten duen “nahasmendu maltzurragatik”: “Estatuko arrazakeria emakume migratzaileen salerosketaren eta zaurgarritasunaren erantzulea da, eta bi aukera baino ez dizkie uzten: interna bezala edo klub batean esplotatuak izatea”.
Bestetik, trans pertsonen “bazterketa soziolaborala” ere salatu dute: “Transfobiak gero eta gehiago inbaditzen duen mundu honetan, eta abolizionisten konplizitatea seinalatzen dugu, faxismoa euren gorroto diskurtsoekin elikatzen baitute”.
Trans kolektiboek ikusezin izaten jarraitzen duela uste dute eta haien kontrako jazarpenak gora egiten duela: “Badakigu orain transen kontra doazela eta hurrengoak putak izango garela, migratzaileak, langile prekarizatuak eta totalitarismoaren aurka ahotsa altxatzen den edonor, jada gertatzen ari den bezala”. Horregatik, batasunerako deia egin dute: “Egin ditzagun aliantzak eta ez dezagun ahaztu etsai komunak nortzuk diren”.