Bera Bera, harrera eta despedida beroa
Hamargarren ligarekin, denboraldiko tituluen hirukoa osatu du bigarrenez Donostiako eskubaloi taldeak.

Borobila izan da denboraldia, eta baita lortu berri duten hamargarren liga. Borobila Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainen azkena delako, eta historikoa delako. Izan ere, Donostian ez dago lehen mailako beste talderik horrenbeste titulu dituenik. Are gutxiago, hamar liga. Gainera, bigarren aldiz lortu du Bera Berak hirukoa: liga, kopa eta Superkopa.
Hori dela eta, Donostiako Udalak harrera beroa eskaini dio eskubaloi taldeari udaletxean. Eneko Goia alkateak eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak Bera Bera zoriondu eta hitz ederrak eskaini dizkiete. Menendezek hartu du harrera eskertu eta klubaren izenean hitz egiteko. Lorturikoaren balioa nabarmendu du zarauztarrak, batez ere.

Esther Arrojeria eta Alba Menendez kapitainak, Eneko Goiarekin eta Eider Mendozarekin.Inaxio Esnaola
IRUTXULOKO HITZAk kapitain izateari utziko dioten Arrojeria eta Menendezekin, eta Anne Erauskin jokalariarekin hitz egin du. Ostiraleko astekarian irakurri ahal izango dira hiru protagonisten adierazpenak.