Daan Dijkman herbeheretarrak eman du erakustaldia
Gipuzkoa Klasikoa Egiako bigarren etapan, Zumy sarian, erabaki da. Donostialdea Bizikletaneko Unax Otegik 26. postuan bukatu du.

Nazioarteko ziklistak nabarmendu dira asteburuan jokaturiko gazte mailako XXXI. Gipuzkoa Klasikoan. Lazkaon jokatu zen lehen etapa, larunbatean, eta Johan Blanc (Stade Toulousain Cyclisme Academie) frantziarra izan zen azkarrena.
Atzo, berriz, Egian hasi eta bukatu zen bigarren eta azken etapa, Zumy sari nagusia. Daan Dijkman (WWV Hagens Berman-Jayco) herbeheretarra bakarrik iritsi zen helmugara, eta sailkapen orokorra ere eskuratu zuen. Bigarren bukatu zuen Harrison Dainty (Fensham Howes Junior Race Team) ingelesak, eta hirugarren Ben Morin (Gepla – Watersley R+D Road Team U19) kanadarrak.
Euskal Herriko hainbat taldek parte hartu zuten Gipuzkoa Klasikoan, eta Beñat Sainz (Viveros San Anton-Mardu) izan zen sailkapen nagusiko euskal herritar onena —13. tokian bukatu zuen—. Aldiz, Donostialdea Bizikletaneko Unax Otegi izan zen etxeko taldearen ordezkari hoberena. Lazkaoko etapan 24. postuan bukatu zuen, eta, atzoko Egiako etapan 33. tokian bukatu zuen. Sailkapen orokorrean, berriz, 26. postuan bukatu zuen.
Donostialdea Bizikletaneko beste ziklista batzuk ere bukatu zuten bi eguneko klasikoa: Unai Iturrate (64.) eta Aimar Capdequi (73.). Bestalde, Donostialdea Bizikletan izan zen Gipuzkoako talde onena sailkapen nagusian.