«'Jesusen Bihotza' eraikitzeko iniziatiba 36ko gerraren aurrekoa da»
Eneko Goia alkatea "ez dago ados" Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Lantaldeak ebatzi duenarekin.

Urgulleko Jesusen Bihotza eskultura «erregimen frankista goraipatzeko» sinboloa dela ebatzi du Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak. Atzo goizean agerraldia egin zuten udaletxean, bi proposamenen berri emateko: Urgulleko Jesusen Bihotza eskulturari buruzko bat eta eraikin pribatuetako sinbologia frankistari buruzko beste bat.
Horren harira, Eneko Goia alkateari gaiaren inguruko iritzia emateko eskatuko diote gaur, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. “Bakoitzak jakingo du zerk duen premia eta lehentasuna hiri honetan. Dena dela, ez nago ados azaldu duten ikuspuntuarekin”, adierazi du Goiak.
Jesusen Bihotza eskultura Donostiaren skyline-aren parte dela defendatu du, eta aspalditik dela hiriaren ezaugarri bat. “Noski, bere historia du, baina interpretazioak hainbat dira. Bere garaian analisi bat egin zen, eta ondorioztatu zen eskultura eraikitzeko iniziatiba 36ko gerraren aurrekoa zela”, azaldu du alkateak. “Udal gobernu frankistak eman zion gerora esanahia frankista hori”, gaineratu du.
Haren ikuspuntua argudiatzeko, beste eredu bat jarri du: “Nafarroa hiribidearen izena udal gobernu frankistak aukeratu zuen, frankistak hirira handik sartu zirelako. Egun, ordea, ez dugu horrela ulertzen, eta beste esanahia bat dauka”.