Negoziazio bilera berri baten zain, greba egin dute beste behin udaleko Gizarte Ekintzako langileek
Konponbidea lortu ezean, beste hiru lanuzte egingo dituzte hilaren 5ean, 10ean eta 12an.

Joan den asteko bide beretik doaz udaleko Gizarte Ekintzako langileak. Maiatzaren 26an, pasa den asteko astelehenean, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Jesus Idoeta eta Gizarte Ekintzako zuzendari Gari Agoterekin bilera egin zuten hauek egindako proposamenari erantzuteko. Ezezkoa eman eta bi greba egin zituzten asteartean eta ostegunean. Eskainitakoa eskatutakotik “oso urrun” dagoela dio Langileen Batzordeko kide Josune Lezanak. “Esan genien hori ez zela nahikoa eta mobilizazioekin jarraituko genuela beste proposamen bat eduki arte”. Gogoratu duenez, Idoetak konpromisoa hartu zuen “astebete-hamar egunean” beste bilera batera deituko zituela, baina, oraingoz, ez dute datarik, eta hamar egunak bihar beteko dira.
Langileek 30 pertsona kontratatzeko eskatzen badute, udalak bi urtean hamabi hartzea proposatu die: 2026 eta 2027 artean zazpi gizarte langile, lau administrari eta zuzendaritza talderako teknikari bat. “Ez da nahikoa, erdia baino gutxiago eskaini digute. Zazpi gizarte langile Donostia osorako… Bi urte barru berdin egongo gara, ratioetara ez gara iritsiko, eskariak igortzen jarraitzen du. Oraingoak ez dira 2027ko zenbakiak izango. Badakigu ezin dela dena berehala lortu, baina arintzen hastea. Urgentziazko neurriak hartu behar dituzte”, aldarrikatu du.
Ondorioz, gaur eta ostegunean greba egingo dute, eta aldaketarik ez bada, datorren astean ere. Mobilizazio ziklo berri honetan, aurrekoan ez bezala, gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Horrek zenbait gorabehera eragin dizkie, langileen ustez, “ez daudelako ondo neurtuta ezta ondo antolatuta ere”, besteak beste, zentro guztiak ez direlako berdinak. Bi egunetatik batean bete behar dituzte, ostegunetan, auzoetako zerbitzuguneetan. Bi gizarte langile eta administrari batek lan egin behar du bakoitzeko. Lehentasunez, greba egiten ez dutenek lana egin behar dute eta, bete ezean, zuzendaritzak osatutako zerrenda objektibo baten arabera. Bilera eskatu diete arduradunei hobe antolatzeko eta bihar elkartuko dira.
Txoke plana
Egun berean, bihar bertan, martxan jarriko dute egoera arintzeko neurri gisa udalak antolatutako txoke plan. Hura prestatzeko kontuan hartu ez dituztela diote langileek, eta hauen ustez, “txapuza hutsa da”. Bihar jarriko dute martxan eta horretarako bi administrari kontratatu dituzte programa bidez. Asmoa Arroka kaleko bulegoetan administrari talde bat egotea zen, deiak hartu, posta elektronikoak erantzun eta espediente batzuk tramitatzeko. Horretako 28 administrari behar dituzte, baina 22 dira, eta beraien zeregina txostenetara mugatuko dute. “Ikusiko dugu, baina argi daukagu ez duela ezer konponduko. Hori argi daukagu. Igual, okerrago”, zehaztu du Lezanak.
Administrari lanpostuak betetzeko arazoa agerikoa dela gehitu du langileak. “Jendeak ez du hona etorri nahi beste aukera bat badu eta daudenak joan egiten dira. Lan baldintzak gure zerbitzuak okerragoak dira eta arazoetako bat egonkortasun falta da”. Lehen arreta ematen duten heinean, gainera, “presio handia” dute eta psikologikoki “gogorra” da.