Ester Somaza eta Elena Amores fitxatu ditu Bera Berak

Joan-etorriak orekatzen hasi da Bera Bera eskubaloi taldea. Lau dira taldea utzi dutenak, eta dagoeneko hiru fitxaketa iragarri dituzte. Ester Somaza ezker albokoa eta Elena Amores ez hegalekoa dira baieztatu berri dituztenak. Bi horiekin batera, Nicole Wigginsek ere indartuko du talde donostiarra.
Somazak 97 partida ofizial jokatu ditu Granollersekin, eta 383 gol sartu. Denboraldi honetan bosgarren izan da liga erregularreko golegile nagusien zerrendan, 109 gol sartuta 24 partidatan. Granollersekin Europako Kopako lau kanporaketa jokatu zituen 2022-2023ko denboraldian. “Somazarekin kanpoko jaurtiketetan eta defentsako sendotasunean irabaziko du”, adierazi du Bera Berak.
Amores, berriz, Petrer herrian jaio zen, eta 23 urte beteko ditu uztailean. 2021-2022ko denboraldian Eldan jokatu zuen eta ondorengo hiru denboraldietan Atletico Guardesekin aritu da, 93 partida jokatu ditu eta 245 gol egin ditu. “Amoresi esker taldeak abiadura eta definizioan irabaziko du hegaletan”, esan du klubak.