Latinoamerikako naturaren eta giza eskubideen babesa izango dute hizpide
Altzako Tomasene Kultur Etxean erakusketa bat eta Dalila Argueta ekintzaile hondurastarraren hitzaldia antolatu ditu Mugarik Gabeko elkarteak.

Bizitza Jokoan kanpainaren bigarren fasea abiatu du Mugarik Gabe elkarteak. Klima larrialdia eta giza eskubideen urraketaren arteko harremana aztertzen du kanpainak. Latinoamerikako zenbait kolektibo eta komunitateen laguntzarekin, Honduras, Mexiko eta Guatemalako hiru kasu ikertu dituzte. Ikerketa horietan, enpresa eta gobernu desberdinek eragindako eskubide urraketak salatzeaz gainera, meatzaritza, deforestazio eta kutsaduraren aurrean lurra eta lurraldea defendatzeko egindako erresistentziak eta borrokak jaso dituzte.
Horren inguruko erakusketa bat prestatu dute, eta ekainaren 16tik uztailaren 7ra arte ikusi ahal izango da Altzako Tomasene Kultur Etxean. Kubo eta tamaina desberdinetako panelekin osaturiko zortzi egitura ditu erakusketak. Ilustrazioen egilea Zoiartze Puente da, ikerketatik ateratako hainbat esaldi eta datu iruditan erretratatu dituen artista gaztea. Ikerketa eta erakusketa aurrera eramateko, Mugarik Gabek Elankidetza – Garapenerako Euskal Agentziaren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.
Protagonista baten testigantza
Erakusketa ez ezik, hitzaldi bat ere antolatu du elkarteak. Hilaren 20an izango da Tomasenen bertan, eta Dalila Argueta ekintzaile hondurastarra izango da hizlaria. Hondurastik ihes egin behar izan zuen Guapinoleko ibaiak eta lurra meatzaritza enpresa baten aurrean defendatzeagatik. Jasan behar izan zuena eta han zein Euskal Herrian egindako borrokaren testigantza eskainiko du.