Sergio Garcia altzatarrak gidatuko du Gipuzkoa Basket
Mikel Odriozolaren lekua hartuko du kluba ondo ezagutzen duen teknikariak.

Bilbotik Donostiara etorriko da Sergio Garcia entrenatzailea. Izan ere, Gipuzkoa Basketen gidaritza hartuko du datozen bi denboraldietarako. Altzakoak ondo ezagutzen du Donostiako saskibaloi taldea, 2017tik 2019ra bigarren entrenatzailea izan zelako.
Garciak Palentzian egin du orain arteko bere kirol ibilbide gehiena. Zazpi denboralditan bigarren entrenatzaile gisa aritu zen, eta 2015ean eman zioten aukera lehen entrenatzailea izateko. Bigarren mailako ligako lehen postua lortu zuen, taldea ACBra igotzea lortu ez arren, eta bigarren mailako kopa bat irabazi zuen.
2019an Coruñaren (Galizia) lehen entrenatzaile izendatu zuten, eta bi sasoitan taldearen historiako sailkapenik onenak lortu zituen. Aldiz, 2022tik Bilbo Basketen entrenatzaile laguntzaile moduan aritu da.