Astelehenean zabalduko dute Kirol Ekintzak ikastaroetarako aurretiko izen ematea

Kirol Ekintzak 2025-2026 kanpainako ikastaroetarako aurre izen emateak ekainaren 9tik 15era bitartean egin ahal izango dira. Donostia Kirolak datorren denboraldirako kirol jardueren kanpainak 22.967 plaza eskainiko ditu, udal kirol instalazio guztietan eskainiko diren 1.601 ikastaroen artean banatuta.
Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek aipatu duenez, programa berri honekin adin guztietarako eskaintza duten 80 kirol modalitate baino gehiago aukera daitezke, igerilekuan, aretoan, pistetan eta aire zabalean. “Kanpaina honetako berrikuntzen artean, Bretxa datorren denboraldian ikastaroak eskainiko dituzten instalazioen zerrendan sartu izana azpimarratu behar da”, adierazi du zinegotziak.
Ikastaroak irailaren 22an hasi eta ekainaren 13an amaituko dira.
Izena emateko prozesua
Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko jardueretarako dauden plazak zozketa bidez esleituko dira. Horretarako, interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena, ekainaren 9tik 15era.
Aurre izen ematea Donostiakirola.eus webgunearen bidez egitea gomendatzen da, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta Bidebieta, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan ere jasoko dira. Zozketa ekainaren 18an egingo da.
Udaleko gainerako kirol instalazioetarako (Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta, Nao Etxea eta Arte Martzialen Aretoa), interesdunek klub kudeatzailearekin jarri beharko dute harremanetan, horietako bakoitzean antolatzen diren jardueretan izena emateko prozesua kontsultatzeko.
Kirol Ekintzak Aukeran
Ikastaroen ohiko eskaintza horrez gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua mantentzen du. Sistema malgu bat da, non pertsona bakoitzak bere kirol jarduera planifikatu dezakeen instalazioa eta jarduera aukeratuz, baita egin nahi duen saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke, edo astero eguneratzen den programazio zabal bateko saio solteak erreserbatu. 2024-2025 ikasturtean 1.129 pertsonak erabili dute zerbitzu hori, eta 16.085 saio erreserbatu dituzte guztira, hau da, aurreko ikasturtean baino %22 gehiago.