BideRoad proiektu pilotua aurkeztu dute, hiriko kaleen egoera modu adimenduan ikertuko duen sistema
BideRoad proiektu pilotuari esker, hobeto kudeatu ahal izango dira hiriko bide sareak mantentzeko lanak, kudeaketa "digitalizatuz eta trazabilitatea" hobetuz.

Ceitek enpresak proiektu pilotu berri bat jarriko du martxan datozen hilabeteotan: BideRoad. Helburua, hiriko bide sareen ikuskapena “automatizatzea” eta mantentze lanak digitalizatzea, “kostuak murrizteko” asmoz.
Hala azaldu dute Donostiako Udalak eta enpresak elkarlanean egindako agerraldian. Orain arte, “aldizkako inspekzio bisualen bidez” egiten zen bideen mantentze lana, eta, proiektu berri honen bidez, kamera inteligenteen bidez egitea espero dute, “baliabide eta denbora gutxiagoan” egin ahal izateko.
Ceiteko zuzendari nagusi Juan Melendezek azaldu duenez, proiektua Donostia Sustapenari aurkeztu ostean, ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan udalak, eta proiektu honek irabazteko “zortea” izan zuen. Honela, bada, garapen prozesuan den teknologia berritzaile honek, mantentze lanen efizientzia bilatuko du.
Zehazki, tresna probatzeko, 13, 17, 28 eta 31 autobus lineak aukeratu dira: “Lehenik eta behin, ikusmena atzemateko sistema bat duen ibilgailu sentsoredun batek linea guztiak ibiliko ditu, irudiak adimen artifizialarekin prozesatzeko. Horrela, bideak digitalizatuko dira, eta automatikoki identifikatu ahal izango da zoruaren egoera, erregistratu ahal izango da eta mantentze lanak kudeatu ahal izango dira”.
Bi kamerek, azelerazio radar bat eta GPS batek integratutako sistema izango da. Honela, lurzoruan izan daitezkeen zuloek ibilgailuan duten eragina aztertuko da, baita, adibidez, seinaleen egoera aztertu ere.
Proiektu pilotua
“Ceitek izugarri eskertzen du Donostiako Udalak eta Sustapenak lankidetza-hitzarmen honen bidez ematen diguten aukera. Lankidetza-esparru horretan, Ceit BideRoad-eko spin-off-ari aukera emango zaio ingurune erreal batean teknologia baliozkotzeko, eta, aldi berean, udaleko sailek herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetzen laguntzeko”, azaldu du Melendezek. Hain zuzen, onartu duenez, oraindik ez dute bezerorik, eta udalari esker garatu ahal izango dute proiektua.
Proiektu pilotuak 12 hilabeteko iraupena izango du, eta Ceiteko I+G+B ziklo baten azken etapa izango da. Funtsezko laguntza emango dio sistema kudeatzeko duela gutxi eratu den oinarri
teknologikoko enpresa berriari. Guztira, 300 pertsona baino gehiago ari dira lanean Ceitek orain arte eratutako 20 spin-offetan, eta gehienetan, Donostia Sustapenaren laguntza jaso
dute sortzeko eta garatzeko.
Ideien Lehiaketa
Akordioa aurkeztean, Ane Oyarbidek, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, honako hau azpimarratu du: “berrikuntza teknologikoa eragin soziala duen hiri-eraldaketarako tresna bihurtzeko moduaren adibide bat besterik ez da. Lehiaketak argi uzten du Udal Sozietateak konpromisoa duela lankidetza publiko-pribatuarekin. Gainera, Donostia Sustapenaren lotura rola indartzen du, eremu publikoan berrikuntza bultzatu eta Donostiako proiektu estrategikoen garapenean erreferentziazko eragilea baita”.
Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketa abenduaren 31ra arte dago zabalik, eta Donostia Sustapenaren Plan Estrategikoaren (2023-2027) barruan dago. Plan horren helburuetako bat Donostia Zientzia eta Berrikuntza Hiri gisa bultzatzea da Berrikuntza publikoa bultzatzea Udal Sozietatearen 2025eko Berrikuntza Planaren ardatzetako bat da. Aurten, horrez gain, 27 Poligonoan edo Ekialdeko Barrutian berrikuntza-aukerak identifikatzeko, erosketa publiko berritzailea egiteko eta Europako finantzaketa-deialdien bidez baliabideak bilatzeko ari da lanean.
Deialdia zabalik da oraindik, “inpaktua” izango duten eta “donostiarren ongizatea hobetzen lagunduko duten konponbide berritzaileen” proposamen berrien zain.