Nabarmen jaitsi da delitu beragatik behin baino gehiago atxilotutakoen kopurua, agintariek kontrakoa dioten arren

“Delituak egin eta kalean uzten dituzte”. Mantra hori zabaldu da azken urteotan Donostian, bereziki segurtasunaren aitzakian herritarren sektore bat kriminalizatzeko helburua duten diskurtsoen eskutik. Antzekoa esan zuen, baita ere, Eneko Goia alkateak 2023ko Aste Nagusiaren testuinguruan: “Delituak egiten dituzten pertsona horiek ate batetik sartu eta bestetik irteten direla ikustea, eta oso denbora gutxian kalean amaitzen dutela ikustea”. Alkatearen ustez, “delitu horiek, banan-banan hartuta, larriak ez badira ere”, delitu pilaketagatik “neurri handiagoren bat” hartu beharko litzateke, gai horretan “nolabaiteko ezintasun sentsazioa” baitago. Bada, oraingoan behintzat, Ertzaintzaren datuek ez dute tesi hori baieztatzen.
Ainhoa Domaica Alderdi Popularreko legebiltzarkideak egindako informazio eskaera baten ondorioz, Segurtasun Sailak delitugile berrerorleen zerrenda bat erraztu du. IRUTXULOKO HITZA-k txostenera sarbidea izan du, eta bertan, delitu beragatik behin baino gehiagotan atxilotu dituzten pertsonen kopurua zehazten da. Zifrak delitu motaren arabera banatzen dira, baina ez da zehazten ustezko delitugileek metatzen duten atxiloketa kopurua.
EAE mailan apur bat igo den arren, Donostian nabarmen jaitsi da delitu beragatik atxilotutako pertsonen kopurua azken bi urteotan: 123tik 2022an, 85era 2024. Hain zuzen, segurtasunaren gaia pil-pilean zegoen garaian. Are gehiago, datuak xehatuz gero, ikusten dugu nola ondarearen kontrako delituengatik bi bider edo gehiagotan atxilotutakoak 59 izan ziren 2022an eta 32 2024ean. Ia erdia, alegia.
Ertzaintzak arrazoi batengatik Donostian behin baino gehiagotan atxilotutako pertsonak, urtearen arabera – Irutxuloko Hitza
Konplexua den arren segurtasunaren eztabaida soilik Polizia txostenen bidez egitea —delitu gehienak ez baitira ikertu edo argitzen—, delitugileek duten ustezko inpunitatea apur bat desmuntatuko lituzkete datu hauek.