«Aitortza horretan harri txintxar bat jarri dudala uste dut»
Paulina Garmendiak eta Juan Antonio Irulegik 1933an ireki zuten Parte Zaharreko Intza taberna. Euskaltzaleen bilgune estimatua izan zen, 36ko gerrak, frankismoak eta diktadurak zeharo desitxuratu zuten arte. Intzak gordetzen duen «erresistentzia historia» komiki batean jaso du Dani Fano komikigileak (Amara Berri, 1968).

Zergatik aukeratu duzu Intza taberna?
Aspalditik dut harremana Intza tabernarekin. Gaztetan ogitartekoa jatera etortzen ginen hona, parranda egin aurrekoa. Ondoren, plater konbinatuak jaten hasi ginen, parrandara joan baino lehen. Gaur egun, larunbatero familiarekin etortzen naiz, gure kutunetako bat delako. Aldarrikapen batekin ere badu lotura, Donostia donostiarroi lapurtzen ari zaizkigulako; batez ere, Parte Zaharra. Beraz, ezinbestekoa da hona etorri eta gure lekuak aldarrikatzea.
Esku bateko hatzekin zenbatu daitezke Parte Zaharrean horrelako tabernak?
Bai, atzamar pare bat galduta ere [barrez]. Oraindik badira, zorionez. Erresistentziaren parte dira taberna horiek. Hain zuzen, Intzaren historia da adibide argia. Taberna batzuk oraindik badakite zer izan nahi duten, eta norentzat izan nahi duten.
Beste taberna horietako batzuk aipatuko zenituzke?
Bai, noski. Ordizia, Gorriti, Belfast, Belea, Herria, Basati eta Zikuta, besteak beste. Zorionez, bi esku behar dira horiek zenbatzeko.
Zerk eraman du Parte Zaharra pintxoen parke tematiko bihurtzera?
Kapitalismo basatiak. Sistema politiko eta ekonomiko kapitalista batean bizi gara, eta joko arauak horiek dira. Diruzaletasunak eta dena salgai dagoenaren mezu kapitalistak eraldatu du auzo hau ere. Gu ez gara salbuespena, eta tamalgarria da. Horregatik, kapitalismo basati horri mugak jarri behar zaizkio. Hiri honek hartu behar du horren ardura. Halere, kontu bat. Udalari egozten diogu gertaturikoaren erru guztia, baina hemen lokalak jendeak saltzen ditu. Ostalariak dira euren establezimendua funts bati saltzen diotenak.
Intzari eskaini diozun komikiarekin bueltan, inork egin ez dion aitortza eskaini nahi izan diozu?
Hori asko esatea da. Harrokeria izango litzateke nire partetik. Dena dela, aitortza horretan harri txintxar bat jarri dudala uste dut. Gainera, oso pozik nago hori egin izanaz.
Komikiak egitea, marraztea eta kontalaria izatea ofizio hartu nuen. Batez ere, istorioak kontatzeko. Atahualpa Yupanquik esaten zuena gogora ekarri nahi dut: Oigo las voces del pueblo que cantan mejor que yo. Batzuetan, zure inguruan istorioren bat entzuten duzu, eta nik hori egin dut. Intzaren historiaren berri izan nuen, eta argi izan nuen kontatu behar nuela.
Intza tabernari buruzko komikia laburra da, zazpi orrikoa, baina ondo jasotzen du argi-ilunez beteriko haren historia?
Bai, eta labur kontatu arren, Intzaren historiak hedapena izan du, eta tabernako egungo arduradunek sekulako maitasuna jaso dute. Intzaren historia Xabiroi aldizkarian argitaratu genuen, iazko ekainean. Zazpi orriko komikia izatearen arrazoia hori da, aldizkari barruan jaso genuela. Komikigileok badugu gaitasuna sintesi lana ondo egiteko, eta hauxe da emaitza. Komikiak Intzaren historia hunkigarria eta interesgarria kontatzen du. Meritua Francok dauka [barrez].
«Intzaren historiak hedapena izan du, eta tabernako egungo arduradunek sekulako maitasuna jaso dute»
Plaza Berriari Konstituzio plaza deitzen zaio. Intzari, berriz, Bar España izena inposatu zioten.
Hori da zapalkuntzaren efikazia. Oso ondo pentsatutako zigorra izan zen, eta emaitza oso onak eman zizkien zapaltzaileei. Intzaren historia gertutik ezagutzen ez zuten euskaldun askok boikota egiten zioten. Gizakien memoria laburra da, eta zapaltzaileek hori badakite. Intzari egin ziotena oso metodo ohikoa da munduko herrien zapalkuntza guztietan. Azken batean, kentzen dizute nortasuna.
Urgulleko ‘Jesusen Bihotza’ eskulturaren eztabaidaren harira, gauza bera esan genezake?
Ez daukat argi eraikina eta eskultura frankistak diren. Dena dela, Patxi Gallegok Xabinaitor pertsonaiaren azken komikian arazo hori konpondu zuen, Jesusen Bihotza leherrarazita. Orduan, komikigileok argi daukagu. Nik ere dagoen lekutik kenduko nuke.
Gaur egungo Intza tabernak zer irakatsi diezaioke bisitariei?
Lana ondo egitea zer den. Aurreko batean, lagun batek esan zidan berdin duela zer eskatzen duzun Intza tabernan, beti dena ona dagoelako. Maitasuna dute haien lanarekiko, eta hori Paulina Garmendia tabernaren sortzaileak eta haren ondorengoen ondare baliotsua da.
Eta komikia hartzen duenak zer da ikasiko duena?
Aitortza asko egiteke dagoela. Intzaren kasua ez da bakarra. Hain zuzen ere, kasu honi esker jakin dut Juan Antonio Irulegi ez zela izan Donostiako tabernari fusilatu bakarra.