«Donostia munduko lehen hiria da zientzia kolaboratiboan»
Zaila da Donostiak hiri gisa dituen erronkak ulertzea. Eskusaitzetan Mubil, Viralgen Illunben, IBMren ordenagailu kuantikoa... Herritarren gehiengoari ihes egiten diguten proiektu, enpresa, eta, batez ere, diru kantitateak ari dira mugitzen azken urteotan Donostian. Horiek hobeto azaltzeko eskatu diogu Iñigo Olaizolari. 2022tik da Donostia Sustapeneko zuzendaria, eta lankidetzan oinarritutako begirada estrategikoa eskaintzen du.

Donostia Zientziaren Hiria dela entzuten dugu. Nondik dator apustu hori?
Hirarena ez ezik, herrialdeko apustua izan da; Euskadi eta Gipuzkoa mailako apustua da. Donostian, apustu horrek pisu handiagoa izan du beste lurralde batzuetan baino, Bilborekin edo Gasteizekin alderatuta. 1980ko hamarkadako berrindustrializazio estrategiaren ondorioa da. Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren eraldaketa bilatzen zuen —industria ekonomiaren gainbehera zela eta—, eta ezagutzaren ekonomian inbertitzen hasi zen. Horrek esan nahi du azpiegituretan inbertitzea ekipamenduetan, I+Gn, pertsonetan inbertitzea, talentu zientifikoa garatzea, talentu zientifikoa erakartzea ere, eta gero, ekosistema oso bat sortzea, eragile publikoak eta pribatuak pixka bat integratzea eta horretarako gobernantza eredu bat sortzea.
1990eko hamarkadan, beraz, inbertsio programak eta zientzia eta teknologia planak sortu ziren. Ikerbasqueren sorrerarekin, egitura mordo bat sortu zen, baita IK4 aliantza izan zena ere, ikertzen ari ziren zentro mordoa batu eta masa kritikoa sortzeko helburuz. Mugarri asko daude. Zientzia eta teknologiako hiri bat gara, baina ez da gauetik goizera eraiki, inbertsio eta apustu politiko sistematikoa izan du 25 urtean zehar.
Nola lurreratu da Donostian?
Herrialdearen estrategia espezializazio terminoetan osatu zen, eta horregatik, Donostian, hainbat olatu izan dira. 1999an, International Physiscs Center (IPC) eraikitzea izan zen abiapuntuetako bat, ondoren, 25 urtez, ekosistema hori garatzeko. Zientzia basikoa egiten duten laborategietatik hasita, zientzia eta merkatua uztartzen dituzten ereduetara hamaika egitasmo sortu dira. Eta hor etorri dira ere Vicomtech, Tecnaliako zentroak, Cidetec…
Gakoak izan dira: azpiegituren garapena, ikerlari atzerritarren kontratazio masiboa eta enpresen ekosisteman integrazioa. Edonola ere, ez dira helburuak ahaztu behar. Zentro teknologikoekin batzen naizen aldiro, berdina esaten diet: «Zuena bitarteko bat da, ez helburu bat; hau egiten dugu herritarrak hobeto bizitzeko». Estrategia honen helburua da, azken finean, bertako enpresa txikiak laguntzea, ekintzaileei laguntzea eta lana sortzea.
Zein izan da erakundeen papera?
Inork ezin du horrelako estrategia bat bakarrik eraman aurrera, erakunde publikoen eta pribatuen eskua behar da. Hiriak beti egin du apustu ekimen hauek laguntzeko: batzuetan lurrak eskainiz, besteetan salbuespenak eskainiz eta laguntzak emanez. Bestetik, Donostia Sustapenaren bidez, bestelako programak sortuz. Hiriari ez dagokio nanoteknologia laborategi baten edo ordenagailu kuantiko batean inbertitzea, baina bai beste zereginetan laguntzea.
Talent Housea ekimen oso garrantzitsu bat izan da. Zentro horiei balio erantsia eman diegu, gauza zail batean lagunduz: etxebizitzan. Bestetik, dibulgazio lana dugu. Hau herritarrengana heltzea, ulertzea zertan ari garen; bokazioak esnaraztea —ikastetxeetara joan gara gazteei esatera hemen etorkizuna badela—; gizarte kohesioan; eta, oso garrantzitsua: genero berdintasunean.
Zein izan da, zure ustez, inflexio unea?
Viralgenen iritsiera. Enpresa txiki moduan sortu zen, eta orain proiektu garrantzitsua da, 400 langilerekin, eta Bayer multinazionalak erosi du, hirian geratzeko asmoz, Donostia biozientzien nazioarteko mapan kokatuz. Gazteentzat albiste garrantzitsua da enpleguaren ikuspegitik, zeren askotan pentsatzen dugu denak direla eliteko ikerlariak, baina ez, badago lanbide heziketako profil garrantzitsu bat bertan. VIVEBiotech eta Biotech Foodsek ere inpaktu hori izan dute.
Nazioartean, zientziari lotutako hiri irudi bat sortzen ari gara: biozientziak, dibulgazioa, ezagutza, nanoteknologia, garuna, mugikortasun adimendua, berrikuntza… Eta horri lotuta, agente txiki mordoa ari da sortzen. Gustatzen zait esatea txikia dela garrantzitsuena; proiektu handiak begiratzen ditugun arren, enpresa txiki mordoa egon behar da inguruan, denak funtzionatu dezan. Ezin da herrialde bat garatu soilik egitasmo handiekin. Bestela, ekimen hori joaten den egunean, dena erortzen da.
Emaitzak bistakoak direla diozue.
2017an, Nature aldizkariak, munduko 200 hiri zientifiko garrantzitsuenen artean kokatu zuen Donostia [198., hain zuzen]. 189.000 biztanleko hiri batentzat izugarrizko lorpena da hori. Baina badu beste datu bat: Donostia lehenengoa da mundu mailan zientzia kolaboratiboa egiten. Munduan. Horrek esan nahi du hemen dagoen ikertzeko modua berezia dela. Gauzak egiteko moduen inguruko kezka honek bere arrastoa uzten du.
Urrian instalatuko duten IBMren ordenagailua albiste handia da… baina zertarako balio duen ulertzea kostatzen da.
Ordenagailu kuantikoak nazioarteko talde pribilegiatuen barruan kokatu du Donostia. Pertsonalki, oso zaila egiten zait azaltzea zertarako balio duen. Hasteko, Donostia mapan jarri duela uste dut, punta-puntako gai batekin: fisika kuantikoa. Publikoarentzat, oro har, oso zaila da zertarako balio duen ulertzea. Ikertzaileek lehen mailako tresna bat izango dute eta fisika kuantikoaren eremuan lan egitea ahalbidetuko duten hirien talde pribilegiatu batean jarri gaitu: atomikoarenaren eskala txiki horietan, subatomikoan, lan egingo duena. Ordenagailuari esker, bestela urteak beharko lituzketen kalkuluak egin ahal izango dira, denbora gutxian.
«Ordenagailu kuantikoak nazioarteko talde pribilegiatuen barruan kokatu du Donostia»
Bestelako proiektu handiak ere badira.
Eskusaitzetako industriagunean den Mubilen sorrerak eraldaketa ugari ekarriko ditu: mugikortasun jasangarria elementu funtsezkoa izango baita datozen urteotan, bizi kalitateari eta erregai fosilen gaiari loturik. Tecnalia dugu bestetik, dela Espainiako Estatuan den korporazio teknologiko garrantzitsuenetako bat. Bertako zuzendari orokorra [Jesus Valero], EARTOko lehendakaria da, Europako talde teknologiko garrantzitsuenetako bat. Donostiarra da eta Donostian dute egoitza. Oharkabean pasatzen diren gauzak dira, baina albiste izugarriak dira horiek hiriaren garapenarentzat.
Talentua erakartzea izan da estrategia indartsuenetako bat.
1990eko hamarkadan, McKinsey aholkularitza enpresa handiak kontzeptu hau jarri zuen: «Talentuaren gerra». Esaten zutenagatik, aktibo garrantzitsuena jada ez dira azpiegiturak, baizik eta pertsonak —beti izan da horrela—. Eraldaketa garaian, egoera konplexuetara ohituko diren pertsonak behar dira. Globalak bihurtzen diren enpresekin, bereziki. Mundu guztia ari da lehiatzen talentuarengatik: enpresak langileengatik, baina baita ere, eskualdeak, herrialdeak eta hiriak. Betidanik da hau, baina oraingoan, biderkatuta.
Illunbe Berriko parke teknologikoa eraikitzeko «presa» erakutsi dute sustatzaileak, nazioarteko lehian asko dagoelako jokoan.
Aurreko hamarkadetatik dugun aldea, gaur egun, abiadura da. Denbora da lehentasuna orain. Dena da askoz ere azkarragoa. Azken urteotako aldaketa teknologikoak abiadura izugarrian egin dira; ez dizu eraldaketak asimilatzeko denborarik ematen. Denbora aldagai oso garrantzitsu bat da.
«Gurpilak geure bizitza hobetu zuen moduan, bektore biralek erehobetuko dute»
Konturatzen zara nola egin diren inbertsioak; korporazio handiek, funtsek, erakundeek, denek duten denboraren aldagai hori. Eremu zientifiko eta teknologikoan lehiakorra izateak bi abiadura ditu: batetik oso konstantea izatea; eta bestetik, aukerei adi egotea, eta ganoraz erreakzionatu ahal izatea, arriskutsuagoak diren inbertsioekin posizionatzeko helburuarekin. Illunbekoa ere aukera bat da. Nik ez ditut xehetasunak ezagutzen zuzenean, baina enpresa aukera batek —AEBekin lotura duen negozio bat—, eta bestetik, Miramongo parke teknologikoaren handitzeko beharrek bat egin dute. Eta, kasu honetan, erakundeek astindu dute egoera gerta zedin.
Aipatzen zenuen inpaktu soziala. Zein da enpresa hauen inpaktu soziala?
Oso didaktikoak izan behar gara. Viralgenen adibidea jartzen dizut: bektore biralak egiten dituzte; hau da, birusak sortzen dituzte gaixotasunak sendatzeko. Hori jada bada inpaktu soziala. Zure autoak gutxiago kutsatzea ere bada inpaktu soziala. BCBLn garuna ikertzen dute, eta hori bilinguismoa ulertzeko, hezkuntzan lan egiteko baliogarria da. Beraz: zalantzarik ez da izan behar, jakintza hori garatzea jada ona da. Gurpilak geure bizitza hobetu zuen moduan, bektore biralek ere hobetuko dute.
Badira beste inpaktuak, horrenbeste entzuten ez direnak: zer da sozialagoa lana baino? Lanak ematen dizu bizitza duin bat izateko aukera. Eta hor ari dira kalitatezko lan baldintzak sortzen —ezin ditut detailean adierazi, bekadunak eta abar…— baina nabarmena da. Gazteei aukerak sortzea funtsezkoa da.
Nola egiten dugu zentro hauek erronka sozialetan lagundu gaitzaten: behar gehien dituzten auzoetan, lana sortzeko, kausa sozialen erronka kolektibo eta solidario gisa… Enpresa batek kausa sozial bat egiten duen moduan —izan ingurumenekoa edo— ekosistemak ere egin dezake.
Arazotsua iruditzen zait ‘start-up’-en eredua: sortu, diru publikoa jaso eta multinazionalei saldu. Biotech Foods eta Viralgenen kasua hori da.
Ez dut uste hori orokortu daitekeenik. Start-up-en munduan askok bilatzen dute «exit» deitzen zaiona: enpresa sortu, saldu eta utzi, edo, gehienez, CEO gisa geratu. Eredu bat da hori, agerikoa da. Hemen dugun enpresa eredua, eta erakundeek bultzatzen dutena, ez doa hortik: ardura bat dago enpresen aldetik. Itzulera bat emateko ardura hartzen dute erakundeek, berdin zait hitzaldiak eskaintzen, auzoetara joaten, udalaren erronken programetan parte hartzen… Bayerrek Viralgen erosi zuenean, Bayerren mezua beti zen: hiria da interesatzen zaiguna. Mezu indartsu bat da: gauzak beste modu batera egin daitezke.
Biozientzak, terapia genikoak, haragi sintetikoak… Eztabaida etikoa presente al dago?
Biozientzia gauza mordoa da. Terapia genikoak, medical device-ak —zirujauen tresna aurreratuak, adibidez—… Nik ez dut ezagutzen, eta uste dut ez dela dena ezagutu behar. Eremu zientifiko bat da, osasunaren inguruan lan egiten duena, jendearen bizitzak hobetu asmoz. Etikari buruz galdetzen duzu, eta bai, etikak sektore guztietan egon behar du: administrazio publikoan, kazetaritzan, zientzian, noski… Sektore guztietan, eremu ezezagunetatik ibiltzerakoan, akatsak daude, eta normala da, zikloen arabera mugitzen da mundua. Uste dut hemen oso presente dagoela hori.
«Ezin da herrialde bat garatu soilik egitasmo handiekin. Bestela, ekimen hori joaten den egunean, dena erortzen da»
Talentura itzuliz, gero eta zientzialari gehiago datoz atzerritik hirira bizitzera. Zer erronka ditu horrek?
Sortu diren eraikin eta laborategi horiek guztiak jendez bete behar dira. Monitorizatzen aritu gara: 2004ean unibertsitatean 1.500 ikerlari zeuden hirian. Gaur egun, 6.300 ikerlari daude Donostian lanean: aktibo dauden langileen %4,6. Ez Bartzelonak, ez Madrilek ez dute horrelako zenbakirik. 30 eragile daude. Ezagutzan oinarritutako ekonomia hiraren BPGaren %50 da. Jada ez gara ostalaritzan eta turismoan oinarritutako merkataritza hiri bat, industriarako zerbitzu aurreratuetan baizik. Datu oso indartsuak dira. Talent Housea horregatik sortu genuen: 3.300 lagun pasatu dira bertatik, 2011tik. EKINNen ere ekintzaile eta zientzialarientzat logelak daude. %75 atzerritarrak dira. Ez dira denak elite zientifiko bat. Ikerlari arruntak ere badira, soldata normalak dituztenak.
Jende prestatua edukitzea ezinbestekoa da, eta honela ere, soziokulturalki aberatsagoa den gizarte bat eraikitzen dugu, irekiagoa eta demokratikoagoa. Bestelako erronkak ere, noski, euskal kulturaren ikuspuntutik nola integratu hau guztia, hezkuntza sisteman, adibidez. Atzerritik datorren jendea behar dugu ofizio guztietan: ostalaritzan eta asistentzian baita ere.
Harrera plan bat egiten zaie: administrazioan kudeaketak egiteko laguntza, hezkuntzara sarbidea haurrentzat, bikotekideentzako lana bilatzen… saiatzen gara integrala den harrera bat eskaintzen.
Zer dator epe laburrean?
Eskusaitzeta garatuta dago, badakigu nor egongo den. Columbusek Illunben egingo duena azkar eraikiko da eta bertara etorriko dira enpresa berriak. Ordenagailu kuantikoarekin berdina. Eta berdina BCCen egoitza berriarekin, Grosen. Azpiegiturak martxan izanik, orain erronka da horiek enpresa txiki eta ertainekin lotzea. Garrantzitsuena da gero gauzak gertatzea: programa berriak, lankidetzak, publikoa eta pribatua… Kalitatezko lana sortzea, aukerak gazteentzat…
Zentro teknologikoekin egin genuen azken bileran azpiegiturak falta zirela zioten. Nik uste dut baditugula jada azpiegiturak eta proiektu izarrak, sektoreak markatutak daude. Interesgarriena orain da etxebizitza eta hezkuntza eskaintza bat egitea hona datozen pertsonak geratu daitezen, talentua zaintzeko. Eta gero, konexioak. Nola egin dezakegu kolaborazioaren bitartez 2+2=5 izatea. Falta dena da maukak jaso eta denon artean ditugun erronka handi horien inguruan lan egitea.
Eta epe luzera?
Oso zaila da. Eta geopolitika nola dagoen ikusita, zer esanik ez. Epe luzera begiratu arren, epe ertainean begiratu eta horren arabera moldatzen joatea da egin dezakeguna.
Ez da erraza hirian izango diren egitasmoen laburpen bat egitea. Donostia Sustapenak 2023ko barometroan jaso ditu hainbat datu adierazgarri. 2022an, I+Gn egindako inbertsioa 325,4 milioi eurokoa izan zen Donostian, eta hiriko BPGa %3,71 izan zen. Biztanleko I+Gko inbertsio ratioa 1.932 €-koa da, Euskadiko (803 €/ biztanleko) edo Madrilgo Erkidegoko (760 €) batezbestekoa bikoiztuta. 6.292 pertsonari enplegua eskaintzen dien I+G «ekosistema» batean. Hiriak berrikuntzaren alde egindako apustua Donostiako Sustapenaren jarduera balantzean islatzen da, ia 6 milioi euroko inbertsioarekin 2024an, EKINN (Berrikuntzarako eta Ekintzailetzarako hiri-nodoa) irekitzearekin, Amaran. 1.500 enpresari baino gehiagori eta 229 ekintzailetza proiekturi laguntzearekin eta ia 2,4 milioi euroko inbertsioarekin zuzeneko laguntzetan. EKINN-ez gain, honakoak dira datozen urteetan hirian garatuko diren proiektu estrategikoak: Donostia International Physics Center berria (15 milioi euroko inbertsioarekin), IBM-Euskadi Quantum Computational Center (58 milioi euroko inbertsioarekin, Eusko Jaurlaritzak zientziaren alorrean egindako inbertsiorik altuena), Parke Teknologikoen handitzea (Miramon, Galarreta eta Hondarribiko eremuak), Mugikortasun adimentsu eta jasangarriko MUBIL HUB, Osakidetzako protoiterapia zentro berria eta Illunbeko Bioteknologia Polo berria (80 milioi euroko inbertsioarekin), besteak beste.