Epaileak ez du Guardetxea behin-behinean hutsarazteko agindurik emango

Parte Zaharrean okupatu duten Guardetxearen eraikina ez dute behin behinean hutsaraziko. Horixe ebatzi du epaileak, joan den ostiralean. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak ohartarazi duenez, beraz, une honetan “ezingo litzateke legalki hutsarazterik gauzatu”.
AZGAk zabaldu zuenez, zinegotzi baten salaketak abiatu zuen “kautelazko utzarazpena” egiteko eskaera. Udal Gobernuak inolako informaziorik ez zuela argudiatuta, Alderdi Popularrak egindako salaketa zela zabaldu zuen asanbladak. Ordea, orain jakin da Donostiako Udalak jarri zuela salaketa epaitegian, epaiketarik gabe hutsaraztea eman zedin. Epaileak uste du ez dagoela horretarako pisuzko arrazoirik, eta ez du agindu hori emango. Edonola ere, gogoratu dute hutsarazteko prozedurak jarraitu egiten duela, eta epaiketaren zain daudela bi gazte.
Maiatzaren 1ean sartu ziren dozenaka gazte sei urte hutsik zeraman eraikinera, eta bi asteren buruan etorri ziren Udaltzainak identifikatzera. AZGAk jakinarazi duenez, gazteetako bat sare sozialetan zabaldutako irudien bitartez identifikatu dute. Joan den astean, gainera, balizko hutsaraztearen kontra hainbat mobilizazio eta protesta egin zituzten Parte Zaharreko gazteek. Horietako bat, udalbatzan, udaltzainen esku hartzearekin.