Ezin bada dantza egin

«Ezin bada dantza egin, ez da nire iraultza». Emma Goldman AEBetan bizi izan zen anarkista errusiarraren esaldi famatua dut buruan bueltaka. Akaso berak ez zuen sekula esan, asko gertatzen dira horrelakoak. Itxuraz, Pasionariak esana da «nahiago zutik hil, belauniko bizi baino», eta jende guztiak uste du Ernesto Che Guevararena dela.
Ni hementxe, ez zutik, ez belauniko. Eserita. Gainontzekoek dantza egiten duten bitartean. Ez dut nahi inoren miserikordiarik. Pozik jartzen nau jendea dantzan ikusteak. Baina, putza, pentsatu nik ere badudala erritmoa zainetan, eta taupaka egiten didala dantzak bihotz aldean.
Donostia anarkisten hiria izan zen aspaldi, baina orain ez Goldman, ez Likiniano, ez Casilda, ez Durruti. Lizentzia txiki bat egin genezake, denok duin biziko garen mundu baten alde: «Ezin bada iraultza egin, ez da gure dantza».