Festa koloretsuan murgildu da Larratxo

Egunak daramatzate Larratxoko bizilagunak jaiak noiz iritsiko zain eta giroa bero-bero zegoen atzo arratsaldean suziriaren metxa pizteko unearen zain. Txokolate janak eta 3×3 txapelketak, kaleko apaingarriek giroa sortua zuten eta festan blai egiteko gogoz zeuden. Busti beharrean, hutsetan murgiltzeko prest. Minutu gutxi falta zirela, holi festarako koloretako hautsak biltzen zebiltzan haurrak eta helduak. Eskukadaka bildu zituzten, batzuek jaso ahala, bota ere. Jai batzordeko kide Naiara Crujeirasek txupinaren aurretik ez botatzeko ohartarazpena askorentzat berandu heldu zen.
Etxafuegoari su eman aurretik, festaz gozatzera dei egin zien Crujeirasek bertaratutakoei, betiere, errespetuz. Eta orduan bai, 19:30ean inguruan, eztanda entzun eta laino moduko batek bete zuen zabalgunea. Batak besteari bota eta elkar zikindu zuten, barre artean eta alai. Zoruan bueltaka aritu zenik ere izan zen… Arropak garbigailuan eta haien barrukoak dutxa azpian garbitu aurretik kalejiran ibili ziren erraldoi eta buruhandiekin. Korrika ere hautsa garbi daitekeela jakin zuten batzuek, eta maskuri kolpeak ere lagungarri direla.
Saltoka, korrika, dantzan… festen lehen aukerak baliatu zituzten auzotarrek Larratxon eta astelehenera arte beste hamaika dituzte aurretik. Egitarau osoa hemen ikusgai.

































































