Hamargarrena mugarria izango da
Bera Bera eskubaloi taldeak ziklo bat itxi berri du, eta beste bati ekiteko prest dago. Esther Arrojeria eta Alba Menendez kapitainen agurra gozoa bezain gogoangarria izan da. Klubaren historian bigarrenez, liga, kopa eta superkopa irabazi dituzte.

Borobila izan da denboraldia, eta baita lortu berri duten hamargarren liga ere. Borobila Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainen azkena delako, eta historikoa delako. Izan ere, Donostian ez dago lehen mailako beste talderik horrenbeste titulu dituenik. Are gutxiago, hamar liga. Gainera, bigarren aldiz lortu du Bera Berak hirukoa: liga, kopa eta superkopa. Asteartean, Donostiako Udalak harrera berezia egin zion Bera Berari, eta taldea utzi duten bi kapitainak omendu zituzten oroigarri batekin.
Eneko Goia alkateak eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak Bera Bera zoriondu eta esker oneko hitzak eskaini zizkieten jokalariei. Biek esaldi berarekin bukatu zituzten hitzartzeak: «Gora Bera Bera!». Ordea, argazkiak konpartitzeaz harago doa eskubaloi taldeak merezi duena. Esaterako, partidak jokatzeko leku aproposago bat. Alba Menendezek ez zuen aukera galdu agintariei esateko Gaska kiroldegia txiki geratu zaiola klubari. Illunbeko erabilera anitzeko pabiloiak beteko du behar hori, baina eperik ez dute zehaztu. Goraka doan Bera Berak ezinbestean behar duen azpiegitura da.
Despedida paregabea
Agurra iragarri zutenetik, Bera Berak beste martxa batekin jokatu zituen partidak. Horrela lortu dute eskura zituzten hiru tituluak irabaztea. «Bukaera bat imajinatzen hasita, ez genuen uste horren borobila izango zenik. Harro geunden egindako denboraldiarekin, irabazitako superkoparekin eta koparekin, eta Europan egindako urratsarekin. Orduan, hamargarren liga irabazteak dena borobildu du. Oso harro eta pozik gaude», nabarmendu du Arrojeriak. Kapitain kargua ez ezik, iritzi bera ere konpartitzen du Menendezek: «Nire sentipena da etxeko lanak eginda erretiratu garela. Hirukoaz gain, Europan lorturikoa oso garrantzitsua da. Hori lortzea nuen helburu, eta bete dudala esan dezaket».
Utzi duten Bera Berarekin oso gustura daude bi kapitainak. «Urte hauetan guztietan ahal genuen guztia eman diogu taldeari, eta uzten dugunak etorkizuna duela argi daukagu. Batez ere, geratu den giza taldea da zoragarriena, balio handikoa. Seguru nago palmaresa handitzen jarraituko duela taldeak», esan du Arrojeriak. «Bera Berarekin jokatzen hasi ginenean, jokalari garrantzitsu askok utzi zuten kluba. Besteak beste, Tati Garmendiak, Matxalen Ziarsolok eta Eli Pinedok. Geratu direnak ederki trebatuta daude, eta argi daukat taldeak goraka jarraituko duela», gaineratu du Menendezek.
Bereziena
Aipatu moduan, Bera Berak lortzen duen bigarren hirukoa da aurtengoa. Bi kapitainekin batera konpartitu ditu lorpenak Anne Erauskin jokalariak, eta denboraldi hau «bereziena» dela aitortu du: «Nire bigarren hirukoa da. Berezia da hamargarren liga irabazi dugulako, baina bereziagoa Estherrekin eta Albarekin bizi ahal izan dudan azkena delako. Era berean, Europan emandako pausoari esker, orain arteko bereziena dela uste dut». Bi jokalari garrantzitsuren agurrak zenbateraino eragin duen galdetuta, Erauskinen onartu du motibazio desberdin bat izan dutela: «Estherren eta Albaren azken urtea izatea eragin du taldean. Horrela, azken txanpan sartu ginenean, argi ikusi genuen gure mailarik onena eman behar genuela liga ere irabazteko».
Erauskinek Bera Beran jarraituko du datorren denboraldian, eta oraindik ez du barneratu bi pieza garrantzitsuren falta izango dutela. «Pena handia ematen dit. Oso arraroa izango da, Bera Beran utzi duten arrastoa ikaragarria delako. Jarraituko dugunok ahalegina egingo dugu haiek utzitako bideari segida emateko», nabarmendu du.
Beste bi bazkide
Aulkitik harmailetarako bidea egingo dute Arrojeriak eta Menendezek. «Gaskara ahal dudan guztietan joango naiz datorren denboraldian. Alba eta biok beste bi bazkide izango gara», dio Arrojeriak. «Gaskako datorren sasoiko lehen partidara ziur joango naizela, eta neurketa garrantzitsuenetan ere hor egoten saiatuko naiz».
Dena dela, aspaldiko partez, «asteburuak libre» izango dituzte biek, eta horrek ere baldintzatuko duela argi dute. «Asteburuak beste era batera aprobetxatzeko aukera izango dut», aitortu du Menendezek. «Horrela ere, lanak eta egunerokoak uzten dizkiguten aukera guztietan hurbilduko gara taldea babestera», gehitu du Arrojeriak.