Topoa estaltzeko eskatu dute beste behin Amara Berriko bizilagunek
Trenak eragiten duen kutsadura akustikoa eta zarata arazoa ez dira berriak, ezta haiek konpontzeko Amara Berriko Auzo Elkartearen ahalegina ere. Estaltzeko unea orain dela uste dute.

Dozena bat urte daramate Amara Berriko bizilagunek trenak eragiten duen kutsadura akustikoaz kexatzen. Duela bost bat, jasotako kexa guztiak bideratzeko erabakia hartu zuen Amara Berri Auzo Elkarteak (ABAE) eta hamaika bilera egin ditu irtenbide bat bilatu nahian. Joan den astean, egoerari buruzko azken urratsen berri emateko bilera egin zuten eta ehun bat auzokide bertaratu ziren. Orduan erabaki zuten larunbatean manifestazioa egitea, eta horretan, 300 bat bizilagunek hartu zuten parte. Beste ekintza batzuk ere pentsatu dituzte, arazoa presente egon dadin auzoan; behin betiko irtenbidea emateko unea orain dela uste baitute.
Trena eta Amara beti egon dira elkarri lotuta, Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari Antonio Lopezek ABAEko arduradunei behin esan zien moduan, trena auzoaren aurretik zegoen, «baina jendea hona bizitzera etorri zenean, topo urdina zegoen, eta trena noizbehinka pasatzen zen», gogoratu du auzo elkarteko lehendakari Xabier Berridik. Orain, aldiz, urtean 89.900 tren pasatzen dira. Astegunetan, 3,5 minutuero, bat —zazpi minutuero norabide bakoitzean— 05:30etik 23:30era, gutxi gorabehera; Gabonetan, Aste Nagusian… gaueko zerbitzua luzatu egiten da eta tren kopurua ugaritu. Horrez gain, gauetan garbiketa lanak egiten dituzte eta gidari berriek, trebakuntza.
Etorkizuna, beltz
Egoerak okerrera egingo duela aurreikusten dute, izan ere, topoa metro bilakatzen denean, minutuero tren bat igaroko da, eta gainera, metroaren pasabidearekin Morlansko tunela erabilgarri geldituko denez, merkantzia trenak ere ibiltzea nahi dute. Hilean 300 bat izango dira eta ETSeko zuzendariak egunez pasako direla esan badu ere, «ezinezkoa» dela diote ABAEko kideek. «Gauez etorriko dira eta horiek zarata handia egiten dute. Beraz, tren gehiago eta merkantziak gauez. Orain da estaltzeko unea».
Aurreko legealdian, Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun batzordean izan ziren, eta orduan, «hiri integrazio» aukerak aztertzeko txosten bat egitea erabaki zuten arduradun politikoek. TYPSA enpresak gauzatu zuen eta bost bide jaso zituen: lurperatzeko bi aukera, estaltzeko beste hainbeste, eta pantailak jartzea. Maiatzaren 6an berriro joan ziren, eta oraingoan, Mugikortasun Jasangarri sailburu Susana Garcia Chuecak Tecnaliak garatutako pantaila berritzaile batzuen alde egin du. Pantaila txiki batzuk omen dira, burdinbidean bertan jartzen dira zarata eta bibrazioa txikitzeko; oraingoz, probatu gabeko prototipoak besterik ez dituzte garatu.
Estaltzeko eskaera
Irtenbideak ez ditu auzotarrak asebetetzen. Morlans-Anoeta tarteko 700 metroak eta Anoeta-Loiolako Erriberako alda-geltokia tarteko ia 300 metro eskas estaltzea nahi dute, metroaren pasabide osoan lurgainean utziko duten zati bakarra. Galtzaraborda, Pasai Antxo, Zarautz, Eibar… adibideak ugariak dira, baina Amaran egiteko dirurik ez dutela argudiatu ohi diete arduradun politikoek. «Besteok eskatzen dugunean, ez dago dirurik; baina haiek egiten dutenean, beti dute», salatu du ABAEk.
Horrez gain, zarata arazoaren iturburua trenen joan-etorria beharrean, ibilgailuen zirkulazioa dela ere esan zieten. Hala balitz, biak konpondu beharko liratekeela uste dute elkarteko kideek. Edonola, zarata mapak «tranpa hutsa» direla diote, batezbestekoak baliatzen baitituzte; eta gainera, neurketak ez dituzte etxeetan egiten, aplikazio baten bidez, baizik: zenbat zarata egiten duen tren batek, zenbat pasatzen diren eta zenbateko distantzia dagoen.
Udal talde guztiekin bilerak egin dituzte, eta aurreko legealdian alkatearekin hitz egin zutenean, lurperatzearen alde zegoela baieztatu zien. Gerora, «desagertu» egin da. «Ez da bileretara etortzen, ez dakigu non dagoen. Bidali dizkiogu bi mezu luze gure ideiak adierazten, erantzun ere ez digu egin». Udaletxean bilera egin zuten ETSeko zuzendariarekin eta hara ere ez zen joan, bera beharrean, auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoeta eta Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarza egon ziren. kezkatuta daude, «funtsezko aliatua» galtzeko beldur. «Berak ez badu gure ideia laguntzen…».
Edonola, datozen asteetan beren eskaera erabakigune politikoetan presente egongo dela aurreratu dute. Ekaineko udalbatzaren osoko bilkuran, legebiltzarrarenean eta uztaileko Batzar Nagusienean. Azken bietan, EH Bilduk eta PPk, hurrenez hurren, mozio bat aurkeztuko dute.