Erraldoiek topo egin dute Larratxon

Tradizio bihurtzera doa Erraldoien Topaketa Larratxoko jaietan. Iaz egin zuten estreinakoz, aurten errepikatu dute eta, arrakasta ikusita, ziur hurrengo urtean ere erraldoiak auzoan gora eta behera ibiliko direla.
Etxeko erraldoiez gain, Groseko Zipotz jaietakoek, Loiolako jaietakoek eta Amara Berrikoek hartu dute parte topaketan, jai giro ederrean. Azken horiek, gainera, berriak dira, eta gaurkoan atera dira kalera lehen aldiz, euren auzoko jaietarako motorrak berotzen joateko.
17:00etan atera dira eskolako patiotik, eta dultzaineroen erritmora, Bertsolari Txirrita kalera abiatu dira, bertatik kalejiran ibiltzeko; bitartean, buruhandiak harrapatzen zuten oro jotzen eta zirikatzen zebiltzan, noski. Kalejiraz gain, dantzaldi batzuk ere egin dituzte erraldoi guztiek elkarrekin, auzotarren gozamenerako.
Larratxon, osteguneko txupinazotik daude jaietan murgilduta, eta oraindik badituzte disfrutatzeko hamaika aukera, egitarau zabala prestatu baitute igandera bitarte; hemen ikus dezakezue. Jarraian, Erraldoien Topaketako irudi bilduma:










































