Balentria errepikatzeko bi partida falta zaizkio Realaren bigarren taldeari
Itzulerakoan galdu arren, Meridan lorturiko garaipena baliagarria izan da txuri-urdinentzat azken kanporaketara iristeko.

Bigarren mailara itzultzeko finala jokatuko du Realaren bigarren taldeak. Zubietako itzulerakoan Meridaren kontra galdu arren (0-1), joanekoan irabaztearen balio bikoitzak (1-0) eman die finalerako txartela. Tarragonako Nastic izango dute arerio, eta lehen kanporaketak gertatu moduan, joanekoa Katalunian izango da eta itzulerakoa Donostian.
Xabi Alonsorekin igo zen Reala B bigarren mailara 2021eko maiatzean, Algeciras mendean hartuta. Denboraldi bakarra egin zuten bigarren mailan, eta Alonsoren agurrarekin batera jaitsi ziren Espainiako futbolaren hirugarren kategoriara. Ordea, berriz ere koxka hori igotzeko aukera paregabea izango dute.
Dena kontra jarri zitzaion talde txuri-urdinari Zubietan, kanporaketaren itzulerakoan. Bigarren zatian neurketa kontrolpean izan arren, Meridak hogei bat minuturen faltan egin zuen gola. Hori gutxi balitz, 85. minutuan Arkaitz Mariezkurrena kanporatu zuen epaileak, bigarren txartel horia adierazita. Horrela, Realak bat gutxiagorekin eutsi behar izan zion markagailuaren partidako azken minutuetan eta luzapenean. Ordea, defentsako lan paregabeari esker, helburua lortu zuten.