Erakusketa bikoitza aurkeztu du Aiete Kultur Etxeak

Ekainetik irailera bitarte ikusgai egongo diren bi erakusketak aurkeztu ditu Aiete Kultur Etxeak. Batetik, Ilustratzailearen Txokoa Joseba Beramendi Exprai ilustratzaileak eta komikigileak hartuko du. Bestetik, areto nagusian Josune Garcia artistaren Itzalaren argitasunean: agerikoaz haratago begiratuz erakusketa ikusi ahal izango da.
Xabiroi, Berria eta Gara euskal hedabideetan aritu izan da Exprai. 2024an Pellokeriak ipuina ilustratu zuen (Mikel Zarate saria), eta Zu hor eta ni hemen album grafikoa argitaratu zuen. Haur eta helduei zuzendutako ikastaroak eta hitzaldiak ere ematen ditu. Hilaren 11tik irailaren 7ra ikusi ahal izango da haren txokoa.
Bestalde, artista bisual eta autodidakta da Josune Garcia. Londresen hasi zuen bere ibilbidea pintura abstraktuaren bidez. 2017an Donostian egin zuen lehen erakusketaz geroztik, bere lana nazioarteko bildumetan ikus daiteke. Estilo intuitibo eta emozionalarekin, pinturaren bidez barne mundua azaleratzen du, argia eta itzala uztartuz adierazpen sakona sortzeko. Hilaren 13tik irailaren 14ra bitarte ikusi ahal izango da bere lana.