Realak harrobiaren aldeko apustua berretsi du

Harrobia da Realaren oinarria, eta hori indartzeko konpromiso argia du klubak. Horren eredu dira Intza Egiguren erdilariaren eta Julia Arrula atezainaren alde egin duten apustua. Bien kontratuak berritu dituzte, eta lehen taldeko jokalariak izango dira datorren denboraldian.
Egigurenek duela gutxi luzatu zuen kontratua 2028ra arte, eta orain 2029ra arte berritu du talde txuri-urdinarekin. Anoetako gazteak 14. zenbakia izango du bizkarrean. Iaz 19 urtez azpiko Europako txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin.
“Intza izan da lehen jokalaria hiru emakumezkoen taldetatik igaro ondoren lehen taldean debuta egin duena: hirugarren taldean hasi zen, bigarrenera igo eta orain lehen taldean aritzeko aukera izango du. Bere konpromisoa, lana eta etorkizun oparoa erakusten dituen ibilbidea da honako hau”, nabarmendu dute Maider Castillo eta Garbiñe Etxeberria klubeko emakumezkoen taldeko arduradunek.
Atea seguru da
Pasa den ostiralean, Realak Julia Arrula atezain nafarraren kontratua 2028ra arte luzatu zuen. Arrula ere lehen taldeko atezaina izango da, eta seguru da minutuak izango dituela. Bigarren taldeko atezain titularra izan da, eta lehen taldearekin debuta egin du. San Mamesko euskal derbian izan zen, Athleticen kontra. “Egun horrek argi utzi zuen bere lasaitasuna, nortasuna eta segurtasuna atepean”, adierazi du klubak.