Eneko Goiak berretsi du «zigor handiago bat» merezi dutela delitu bera egiteagatik atxiloturikoek
Parte Zaharrean larunbatean atxilotutako bi pertsonak espetxeratzeko agindua eman du epaileak.

Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu zituen igandean, Parte Zaharrean beste pertsona bati arma batekin eraso egin eta zauritzeagatik. Epaileak espetxera bidali ditu gaur bi atxilotuak. Horren harira, Eneko Goia alkateari galdegin diote ea erasotzaileei ezarritako zigorrak gogortu behar ote diren. Goia horren alde agertu da, “beste hainbatetan esan dudan moduan”.
Delitu beragatik behin baino gehiagotan atxiloturikoei egin die erreferentzia alkateak. “Zigor handiago bat” merezi dutela nabarmendu du, bestela “inpunitate egoera” bat sortzen delako, eta horrek “alarma egoera” pizten duelako. “Legea aldatuta konpondu daitekeela uste dut”, gaineratu du.
Ildo horretatik, Goiak jakinarazi du gai horren inguruko bilerak egin dituela Gipuzkoako Fiskaltzarekin, EAEko Auzitegi Nagusiarekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin: “Gure kezka jakinarazi diet, beste neurri batzuk behar direlako”.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak legebiltzarrean plazaraturiko txosten baten arabera, EAE mailan apur bat igo den arren, Donostian nabarmen jaitsi da delitu beragatik atxilotutako pertsonen kopurua azken bi urteotan: 123tik 2022an, 85era 2024.