Irene Murua da Ibaeta Basketen seigarren fitxaketa

Ibaeta Basketek talde lehiakorra osatu nahi du 2025-2026ko denboraldirako. Hori dela eta, sei dira dagoeneko egin dituzten fitxaketak. Irene Murua arrasatearra da iragarri berri dutena. 26 urte ditu eta 1,83 metroko altuera. Saskipean jokatzeko gaitasuna du, besteak beste.
Arrasateko Ointxe taldearen harrobian hazi zen, eta 2020an AEBetara joatea erabaki zuen. Louisiana, Detroit eta Fordham Rams taldetan aritu da han. Dena dela, tarte batez Euskal Herrira itzuli zen 2023-2024ko denboraldian igoera fasea jokatzeko Ointxerekin. Emakumezkoen bigarren mailara igotzea lortu zuten. 2024-2025eko sasoian, ordea, New Yorkeko Fordham Rams taldean aritu da.
Muruarekin batera fitxatu dituzten beste bost jokalariak hauek dira: Yvonne Ejim, Itziar Ariztimuño, Khadija Faye, Veronika Remenarova eta Paige Robinson. Aldiz, taldean geratu eta jarraituko duten beste biak dira Maria Erauntzetamurgil eta Lara Gonzalez.