Patxi Apalategi itzultzailea zendu da

Minbizi luze baten ondorioz, Patxi Apalategi itzultzaile donostiarra gaur zendu da (Gros, 1945-2025). 1989an, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Zuzentzaile, Idazle eta Interpreteen elkarteak hauspotutako Literatura Unibertsala bildumaren baitan euskaratu zituzten Gustave Flauberten (1821-1880) Madame Bovary eta Jose Morales Beldak Mikhail Jurievitx Lermontoven (1814-1841) Gure garaiko heroia, esaterako.
1960. hamarka bukaeran, Parisera joan zen Soziologia eta Filosofia ikasketak egitera. Han murgildu zen giro politiko eta kultural intentsuan. Besteak beste, 1968ko protestak bizi izan zituen bertatik bertara eta euskara eskolak antolatzen aritu zen. Frankismo betean, arnasgune izan zen.
Jorge Oteizak sortutako Debako Arte Eskola Esperimentalean izan zen udara batean, eta, bertan, Barojaren lana euskaratzeko proposamena jaso zuen, Oteizak Barojari zion “sinpatia” zela eta. Handik gutxira, eskola desagertu zen arren, Apalategik itzulpena bururaino eraman, eta horrelaxe abiatu zuen bere itzultzaile ibilbidea.
Baudeleire, Herge, Levi-Strauss, Miguel Delibes, Pio Baroja eta Miguel de Unamuno itzuli zituen, besteak beste. Baina bada itzulpen bat, donostiar guztien ahotan ibiliko dena urtez urte. Bereak baitira kaldereroen kanten euskarazko itzulpenak. Zurriola Ikastolako guraso talde baten iniziatibaz euskaratu zituen Apalategik abestiok, eta urte gutxiren buruan hiri osora hedatu dira.
‘Gernika 70’
Itzulpenez gain, gizon diskretua izan da Apalategi, parte hartze politikoari eta publikoari dagokionean. Ordea, gaztetan, konpromiso politikoa erakutsi zuen, Gernika 70 erakusketaren antolatzaileetako bat izan baitzen. Hori bera Iñigo Astiz kazetariak jaso zuen Berria-k argitaratutako erreportaje harrigarri batean.
Nazioarteko lehen lerroko hamaika artistaren lanak bildu eta haiekin erakusketa bat egiteko asmoa izan zuen ETAk 1970eko hamarkadan, Parisen. Gernika 70 zuen izena proiektuak. Francoren erregimena arteaz salatzea zen ideia, eta, besteak beste, Joan Miro, Josep Guinovart, Robert Matta eta Antoni Tapies artistek hartu zuten parte. Pablo Picasso ere prest azaldu zen kolaboratzeko, nahiz eta azkenean ez zuen lanik eman.
Patxi Apalategi, Jose Mari Larramendi eta Martin Etxeberria arduratu ziren bilketa lan haietaz. Erakunde armatuaren adar kulturalaren zigiluarekin aritu ziren Euskal Herriarentzako donazio horiek biltzen, hirurak estudiante zirenean, eta hogei margolan inguru bildu zituzten, guztira. Apalategik Parisko 16. barrutian alokatuta zuen azken solairuko gelan gorde zituzten margolanak, oheko koltxoiaren azpian ezkutatuta, baina ETAren VI. batzarraren ostean, giro politikoa nahasi, proiektua izoztuta gelditu, eta, azkenik, kolpean eten zen dena. Egun batez, militante bat agertu zitzaion Apalategiri gelara, pistola erakutsi, eta pieza guztiak eraman zituen. Obra horien arrastoa betiko galdu zen egun hartan.