Sagues girotuko du Musikagela festak hilaren 21ean

VI. Musikagela festa egingo dute ekainaren 21ean, Saguesko Tomas Alba plazan. Hiriko musikarien jaialdiak Musikagela zerbitzuarekin harremana duten hainbat musika talde eta estilo elkartuko ditu. Festa bi zatitan banatu dute, eguerdian eta iluntzean, eta, guztira, bederatzi talde zein bakarlari ariko dira zuzenean.
Donostiako zortzi taldek eta Murtziako Al Dual talde gonbidatuak osatuko dute programa. Eguerdi partean, lau banda hauek ariko dira zuzenean: Inv3rt, Mark Duti, WTXW eta ON. 12:00etatik 14:00etara izango dira emanaldiak.
Iluntzean, berriz, beste lau talde hauek ariko dira Al Dual gonbidatuekin batera: Latitud 43, Peter Bjorn y Miss B., Physis Versus Nomos —bakarlari gisa— eta Sara Mansilla —bandarekin—. 18:00etatik 22:00ak arte izango dira emanaldiak.
Eguraldi txarra egingo balu, kontzertuak Intxaurrondo Kultur Etxean izango lirateke.
Ibilbide luzea
Musikagela festa Dkluba kontzertu zirkuituaren baitakoa da. Donostia Kulturak 2004an sortu zuen Musikagela udal zerbitzua. Horren bidez, Egian eta Intxaurrondon dituzten udal entsegu lokalak kudeatzen dituzte eta kontzertu zikloak, ikastaroak, tailerrak, mailegu materiala (zuzenekoa eta grabazioa), aholkularitza eta egitasmoak antolatzen dituzte, hiriko musika jarduera bultzatzeko eta dinamizatzeko.