Martin Zubimendi eramateko 66 milioi euro jarriko ditu Arsenalek
Kirol kazeta batzuen arabera, Uliako erdilariaren agurra uztailaren 1ean iragarriko da.

Esperotakoa betetzeko gero eta gutxiago falta da. Kirol hedabide eta aditu batzuek baieztatu dutenez, Martin Zubimendik Reala utziko du uda honetan. Iturri horien arabera, Londresko Arsenal taldeak 66 milioi euro ordainduko ditu Uliako erdilaria eramateko. Hori bai, ordainketa hainbat epetan egitea onartu du Realak, eta horregatik, Zubimendiren etete klausula —60 milioi eurokoa— baino gehiago ordainduko dute.
Arsenalen eta talde txuri-urdinaren arteko akordioa erabatekoa dela diote, eta jokalariarekin aurreakordio bat dute sinatuta ingelesek. Hain zuzen ere, bost urteko kontratua da Arsenalekin adostu duena, eta denboraldi bakoitzeko 10 milioi euro inguru jasoko ditu Uliakoak.
Etxekalte
Reala ondo ezagutzen duen Mikel Arteta entrenatzaile donostiarrak bigarren urtez jarraian kaltetuko du talde txuri-urdina. Pasa den udan Mikel Merino nafarra kendu zion Arsenalek Realari, eta jokalari erabakigarria izan da talde ingelesarekin. Orain, bigarren pieza bat ere kenduko diote Realari: Martin Zubimendi. Horrela, bi urtetan txuri-urdinek bi zutabe garrantzitsu galduko dituzte, eta kostako zaie bi horien ordezko aproposak topatzen.
Merinok utzitako zuloa tapatzeko Luka Sucic kroaziarra fitxatu zuten, eta nahiko ondo aritu den arren, ez ditu aurreikuspen guztiak bete. Aldiz, Zubimendiren hutsunea betetzeko, Realak eta Sergio Francisco entrenatzaile berriak etxe barrura begiratuko dutela dirudi. Uliakoaren postuan joka dezaketen harrobiko hainbat jokalari ditu talde txuri-urdinak: Urko Gonzalez de Zarate, Jon Gorrotxategi —Mirandesen utzita dabilena, oraindik— eta Beñat Turrientes.