189 milioi euroko inbertsioa izango du Multiverese Computing enpresa donostiarrak
Martxoan, Espainiako Gobernuak 59 milioi iragarri zituen adimena artifizialean punta-puntako teknologia garatzen duen enpresa donostiarrarentzat.

Multiverse Computing enpresa teknologiko donostiarrak 189 milioi euroko inbertsio erronda iragarri du, bere teknologiaren (CompactifAI) onarpen globala bizkortzeko. Europan software kuantikoan eta adimen artifizial efizientean punta-puntako aktoreetako bat da enpresa hau, eskala handiko hizkuntza ereduen tamaina %95 murrizteko gai baita. Horri esker, adibidez, energia gutxiago gastatuz edo gailu txikiagoetan erabil daitezke modelo horiek, hala nola errealitate birtualeko betaurrekoetan edo smartphone-etan, ordenagailu handien ordez, baita offline moduan ere.
Erronda Bullhound Capital enpresak gidatuko du, “potentzial handiko enpresa teknologikoentzako” finantza aholkularitzan eta hazkunde kapitalean espezializatutako Londresko enpresak, eta beste hainbat inbertitzaile daude atzean, hala nola HP Tech Ventures, SETT, Forgepoint Capital International, CDP Venture Capital, Santander Climate VC, Quantonation eta Toshiba, eta Kutxa Fundazioa eta Euskadiko Arrisku Kapitala (SPRI Taldea). Kapital injekzio horri esker, konpainiak sektorearen erronkarik handienetako bati aurre egin ahal izango dio: “eskala handiko adimen artifizialeko ereduak ezartzeari lotutako kostu handiei.”
Multiverse enpresak Miramonen du egoitza eta 2019an sortu zuten Roman Orusek, Enrique Lizaso-Olmosek eta Sam Mugek. Martxoan iragarri zutenez, Espainiako Gobernuak 59,2 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta 300 lanpostu sortzeko asmoa dute. 189 milioi horien barruan daude 59 milioiak.