Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek sei eguneko greba abiatu dute
ELA sindikatuak deitu ditu mobilizazioak "hitzarmen berriaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko eta prekaritatearekin amaitzeko".

Greban daude berriz ere Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileak. ELA sindikatuak sei greba egun deitu ditu, eta atzo egin zuten lehendabizikoa. “Inposatutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, arrakastatsua izan da”, adierazi du sindikatuak.
Hilabete honetan beste bi greba egun egingo dituzte. Gaur elkarretaratzeak egingo dituzte lantokietan, eta bihar manifestazioa 11:00etan, Gipuzkoa plazatik hasita. Bestalde, uztailaren 9an, 10ean eta 11n ere mobilizazioak egingo dituzte. “Sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago eta patronalak ez ditu kontuan hartu langileen aldarrikapenak. Langileek sektoreko hiru patronalei —ADEGI, Matia eta Lares— eskatu diete benetako negoziazio bat ireki dezatela pairatzen duten prekarietatearekin bukatzeko”, azaldu du ELAk.
Sektorean 5000 langilek egiten dute lan, gehienak emakumeak, eta horietatik %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. “Egoera hori negozio logika batean oinarritutako zaintza sistema bati eusteko baino ezin da azaldu, enpresa pribatuek eta irabazi asmorik gabekoek irabaziak lor ditzaten”, kritikatu du sindikatuak. Era berean, gogorarazi dute zerbitzu publikoa dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak %90ean finantzatzen duena, eta lan baldintza prekarioak nagusi direla.
ELAk zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu du, honako aldarrikapen hauekin: “%100eko lanaldiak dituzten kontratuak langile guztientzat; Soldata arrakalarekin amaitzea; 32 orduko lan astea, eta formulak ezartzea adineko langileek irteera aurreratu ahal izan dezaten; Arrisku psikosozialen planak gehiengo sindikalarekin adostutako zentroetan; Langileak eta zerbitzua euskalduntzeko baliabideak; eta aurrerapenak trantsizio ekosozialean, besteak beste, menuetan hurbileko produktuak txertatuz”.