LGTBIQ+ kolektiboaren lehenengo mobilizazioa egin zen Donostian, gaurko egunez
Donostian, lehen aldiz, LGTBIQ+ ikusgarritasuna zuen manifestazioa antolatu zuten 1979an: “Ekainaren 12a lehenengo harrotasun eguna izan zen guretzat”.

Gaurko egunez, 1979ko ekainaren 12an, Donostiako lehenengo LGTBIQ+ mobilizazioa egin zen Donostian. Julen Zabala askapen sexualeko ekintzaileak honela kontatu zuenez, urte horretako urtarrilean sortu zen EHGAM Gipuzkoan. 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Vicente Vadillo Santamaria Francis, Errenteriako trabesti bat, tiroz erail zuen. “E-28a antolatu nahi genuen, baina ez ginen gai ikusten, ez zegoen indar nahikorik. Ekainaren 10ean, Francisena gertatu zenean, Mikel Martin Mikela-k iniziatiba hartu zuen, eta berak jarri zuen dena martxan”.
Zabalak “eromentzat” jotzen du 1979ko ekainaren 12an egindako lehen mobilizazio hura. Orduko hedabideen arabera, 2.000 lagun batu ziren protestara Erdialdeko kaleetan, batik bat, indarkeria politikoaren aurkakotasunak bultzatuta: “Polizia bat izan zen hiltzailea, eta astebete lehenago Gladys del Estal hil zuen Guardia Zibilak. Giroa bero zegoen”, dio Zabalak. Nolanahi ere, Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen lelopean egindako lehen manifestazio horrek, ikusgarritasuna eman zion kolektiboari, eta bidea hasi zuen hurrengo urteetan ere kaleak hartu eta aldarrikapenak zabaltzeko: “Guretzat, gure Stonewall txikia izan zen”.
LGTBIQ+ kolektiboak Donostian egindako ibilbidea jaso zuen Olatz Balda kazetariak erreportaje honetan.