Uliako Lore Baratzak proiektuak hamar urte bete ditu
Ekainaren 22an urteurren jaialdia egingo dute Ulia-Ategorrietako Mintegietan.

Hamar urteko ibilbidea osatu du Uliako Lore Baratzak egitasmoak, eta behar bezala ospatzeko festa bat antolatu dute. Noski, Ulia-Ategorrietako Mintegien parkean izango da, hilaren 22an. Egitarau “oparoa” iragarri dute, eta “aukera ezin hobea” dela lagun artean eta familia giroan elkartzeko.
Auzolanean osatu dute egitaraua, eta berritasun gisara, aurreneko aldiz antolatu duten poesia eta argazkigintza lehiaketako saridunak jakinaraziko dituzte. Horretarako, Arteliburu 21 eta Gipuzkoako Argazkilarien Elkartearen laguntza izan dute. Gainera, goizean zehar haurrentzako jolasak eta herri kirolak egingo dituzte. Bazkalostean, berriz, Pipa La Polinizadorak bakarrizketa saioa eskainiko du. Ondoren, zuzeneko musika emanaldiak eskainiko dituzte Lurhats taldeak eta Pilar Guerra bakarlariak.
Sarrera doakoa eta irekia izango da, baina bazkarirako txartelak Intxaurrondoko Artatxiki dendan eskuratu ahal izango dira.
Hamarkada bat
Uliako Lore Baratzak Ulia-Ategorrietako Mintegietako herri lorategi proiektua da. Antzinago udal mintegiak berreskuratu zituzten 2015ean, eta ordutik auzotar eta herritarrek ingurune berezi hori mantendu eta zaindu dute. Agroekologiaren eta herritarren partaidetzaren bitartez, hiriko txoko berezi hau irekita, bizirik eta borborka mantentzea lortu dute azken hamar urteotan. “Uliako Lore Baratzak jasangarritasunaren, komunitatearen, naturaren, eta parte hartzearen sinbolo bilakatu da Donostian”, nabarmendu dute.