Delituak eta zigorrak eztabaidagai dituzte
Eneko Goia alkateak berretsi du «zigor handiago bat» merezi dutela delitu bera egiteagatik atxiloturikoek. Ordea, Segurtasun Sailaren txosten baten arabera, Donostian nabarmen jaitsi da delitu beragatik behin baino gehiago atxilotutakoen kopurua.

Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu zituen pasa den igandean, Parte Zaharrean beste pertsona bati arma zuri batekin eraso egiteagatik eta zauritzeagatik. Epaileak espetxera bidali zituen asteartean bi atxilotuak. Horren harira, Eneko Goia alkateari astearteko Tokiko Gobernu Batzordean galdegin zioten ea erasotzaileei ezarritako zigorrak gogortu behar ote diren. Goia horren alde agertu zen, «beste hainbatetan esan dudan moduan». Hain zuzen ere, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hori bera eskatu zuen duela ez asko. «Juan Marik nik esandakoa kopiatu du!», adierazi zuen, barre artean.
Delitu beragatik behin baino gehiagotan atxiloturikoei egin zien erreferentzia alkateak. «Zigor handiago bat» merezi dutela nabarmendu zuen, bestela «inpunitate egoera» bat sortzen delako, eta horrek «alarma egoera» pizten duelako. «Legea aldatuta konpondu daitekeela uste dut», gaineratu zuen. Ildo horretatik, Goiak jakinarazi zuen gai horren inguruko bilerak egin dituela Gipuzkoako Fiskaltzarekin, EAEko Auzitegi Nagusiarekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin: «Gure kezka jakinarazi diet, beste neurri batzuk behar direlako».
Alkateak berak aitortu moduan, zigorrak gogortzeko eskaera beste hainbatetan adierazi izan du. Esaterako, antzeko hitzak erabili zituen 2023ko Aste Nagusiaren testuinguruan: «Delituak egiten dituzten pertsona horiek ate batetik sartu eta bestetik irteten dira. Oso denbora gutxian kalean amaitzen dute». Haren ustez, «delitu horiek, banan-banan hartuta, larriak ez badira ere», delitu pilaketagatik «neurri handiagoren bat» hartu beharko litzateke, gai horretan «nolabaiteko ezintasun sentsazioa» baitago.
Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak ere ildo bereko adierazpenak egin izan ditu azken urteotan. Iazko uztaileko udalbatzarrean, zera adierazi zuen: «Berrerorle batzuek hamabi atxiloketa baino gehiago pilatu dituzte aurten Donostian. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ondo ezagutzen ditu, eta horiek guztiak kontrolpean daude». Horrela ere, Donostia «hiri segurua» dela nabarmendu zuen. Era berean, «kriminalitatearen hazkundea globala» dela ziurtatu zuen: «Europako eta Espainiako lehen mailako arazoetako bat da».
Datuek diotena
Ertzaintzaren datuek ez dute hiriko alkatearen tesi hori baieztatzen. Ainhoa Domaica Alderdi Popularreko legebiltzarkideak egindako informazio eskaera baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak delitugile berrerorleen zerrenda bat aurkeztu du. Hedabide honek txosten hori irakurtzeko aukera izan du, eta bertan, delitu beragatik behin baino gehiagotan atxilotu dituzten pertsonen kopurua zehazten da. Zifrak delitu motaren arabera banatzen dira, baina ez da zehazten ustezko delitugileek metatzen duten atxiloketa kopurua.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan pixka bat igo den arren, Donostian nabarmen jaitsi da delitu beragatik atxilotutako pertsonen kopurua azken bi urteotan: 123tik 2022an, 85era 2024an. Hain zuzen ere, segurtasunaren gaia pil-pilean zegoen garaian. Are gehiago, datuak xehatuz gero, ikus daiteke ondarearen kontrako delituengatik bi bider edo gehiagotan atxilotutakoak 59 izan zirela 2022an, eta 2024ean 32. Hau da, ia erdia.
Goiak nabarmenduriko «inpunitate sentsazioak» ez du bat egiten Segurtasun Sailak plazaraturiko datuekin. Horrela ere, alkateak ildo beretik jarraituko duela berretsi zuen astearteko agerraldian. Gipuzkoako Fiskaltzarekin, EAEko Auzitegi Nagusiarekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin berriz biltzeko prest agertu zen. Alegia, delitu bera behin baino gehiagotan egin duten atxilotuei «zigor handiagoak» ezartzearen aldeko jarrera mantenduko du Goiak.