Fermin Muguruza Donostian: Kortxoeneako teilatutik, Anoeta betetzera
Bihar hartuko du Anoeta Irungo musikariak. Lehenengo aldia da euskarazko kontzertu batek futbol estadioa beteko duena, eta, musikaz gain, "akelarre antifaxista" gisa irudikatu du.

Jakina da Fermin Muguruzaren ibilbidea musikari lotuta ez ezik, borrokari lotuta ere badagoela. Donostiako herri mugimenduekin hamaika kolaborazio egin ditu urteetan zehar, eta bere ibilbidean ez ezik, hiriaren historian mugarriak ezarri ditu. Adarra Saria irabazteaz gain, eta Zinemaldiko estreinaldiak kenduta, hona hemen hainbat efemeride eder.
Kortatu Egiako gaztetxean
Ibilbide laburra izan zuen arren, Kortatu taldeak euskal kultura hankaz gora jarri zuen. Lau urte eskasetan egindako ibilbidean hiru estudioko lan eta dozenaka kontzertu eskaini zituen hirukoteak, eta, nola ez, horietako hainbat izan dira Donostian. Baina izan zen bat, bereziki gogoangarria, bertan ateratako argazkiengatik. Egiako gaztetxekoa, alegia.
1987 urtean zen, eta estradizioen kontrako kontzertu batean parte hartu zuten Kortatukoek, Scooters eta Optalidion taldeekin batera. Zorionez, kontzertu horren irudi ikoniko ugari gorde dira, Jon Iraundegirenak batzuk, eta anonimoak beste batzuk. Kontzertu hartakoak dira Iñigo Muguruza eguzkitako betaurrekoekin jotzen ari den argazki mitikoa. Eta sinisten ez baduzu… hona hemen kontzertua bideoan, Gordegiak jasoa, duela bost urte.
Negu Gorriak, intsumisioaren alde
1994ko ekainean, Negu Gorriak taldeak kontzertu inprobisatu bat eskaini zuen San Martin kaleko epaitegi penalaren aurrean, kamioi batean igota. Eraikin barruan, Negu Gorriak taldeko Mikel Kazalis baxu jotzaileak epailearen aurrean deklaratu behar zuen zerbitzu militarrari uko egin izanagatik. Musikaria, ordea, ez zen hitzordu horretara agertuko. Bat-batean, kamioi batek kaleko trafikoa moztu zuen, eta horra igota, Kazalis eta bere taldekideek intsumisioaren aldeko kontzertu desobedientea eskaini zuten epaitegiaren aurrean.

Intsumisioaren aldeko manifestazioan parte hartu zuten 200 bat gazte bildu ziren epaitegien aurrean. Argazkian, Fermin Muguruza kamioira igota.Negu Gorriak
Segundo gutxitan egundoko festa muntatu zen San Martinen. Sorgailu batekin lagunduta, Negu Gorriaken doinuak ozen entzun ziren kalean zein epaitegian, eta intsumisoaren mezua epailearenganaino heldu zen. Guztira bost abesti jo zituzten, eta eraso egin ostean desagertu egiten diren gerrillen modura, hamabost minuturen buruan kamioiak alde egin zuen. Manifestazioak, berriz, hiriko kaleetan barrena jarraitu zuen, Gobernu Militarraren egoitzara (Goikoa Jauregia) iritsi arte. Han, 200 gazte antimilitaristek eserialdi baketsua egin zuten zerbitzu militarraren aurka, eta minutu batzuen ostean, protesta istilurik gabe amaitu zuten.
Bi belodromo zentsuraren kontra
Negu Gorriak taldea 1996an desagertu bazen ere, itzulera promesa bat egin zuten: Galindoren kontrako epaiketa irabaziko balute, kontzertua eskainiko zutela. Rodriguez Galindo Guardia Zibilen jeneralak salaketa jarri zien Muguruzari eta gainerako kideei, haren kontrako ustezko difamazioengatik. Intxaurrondoko droga trafikoa salatzen zuen Ustelkeria kantua jarri zuen Galindok jomugan.
Epaiketa irabazi, eta esandakoa bete zuen Negu Gorriak-ek. 2001ean hiru kontzertu eskaini zituzten. Bat Baionan eta bi Anoetako belodromoan. Bi egunez belodromoa betetzea, eta sarrerak egun gutxiren buruan agortzea, izugarrizko zoramena izan zen. Sold out hitza oraindik erabili ez, eta makrojaialdiekin inor gutxi arduratzen ziren garaian, Negu Gorriak-ek historiarako kontzertu bat eskaini zuten, 20.000 lagunen memorian geratuko zena.
Piratekin elkarlanean
Sorreratik bertatik, Fermin Muguruzak Donostiako Piratekin elkarlan estua izan du. Berak parte hartu zuen Piraten lehenengo kantuan —konposaketa ez da berea, jendeak hala pentsatu arren—, eta hamaika kolaborazio egin dituzte elkarrekin. Tartean, Abordatzearen egunean katamaranean kontzertua.
Piratekin kolaborazioan, Manu Chaoren hondartzako kontzertu erraldoian laguntzaile izan zen Muguruza, eta beste hainbatetan aritu da hiriko eragileekin elkarlanean. Hemen, Kaleko Afari Solidarioekin elkartasunez, Bidasoa dokumentalaren estreinaldian.

Fermin Muguruza eta Kaleko Afari Solidarioak taldeko hainbat kide, Principe zinema aretoko sarreran. (Argazkia: Fermin Muguruza, Twitter bidez)
Kortxoenearen aldeko kontzertua
The Beatles ezagunen antzera, argazki historiko bat gehiago eskaini zuen Muguruzak duela hamar urte. Groseko Kortxoenea gaztetxearen legez kanpoko hustuketa abiatu eta gutxira, izugarrizko elkartasun uholdea jaso zuen kortxo fabrika zaharrak. Berri Txarrak, Glaukoma eta garaian bogan zeuden beste hamaika talderen elkartasun kontzertuekin batera, Muguruzak bere alea jarri nahi izan zuen erresistentzian zeudenei babesa adieraziz.
Inprobisazio eta kasualitateek egiten dute historia. Hasiera batean, gaztetxearen ohiko aretoan zen egitekoa kontzertua. Ordea, Muguruza asmatikoa denez, beste aukera batzuk aztertu zituzten gaztetxekoek, eta, ordura arte egin ez zena egin zuten, argazki ikonikoak osatuz.
Hona hemen Kortxoeneako kideek garaian egindako argazki galeria.