Mendi bailara eta gainetan urratutako hiru mende laurden
Ibaiertzeko egoitzan bildu dira kazetariarekin Club Vasco de Camping Elkarteko zuzendaritzako kide Xabier Galparsoro (Ulia, 1972) eta zortzi urtez burua izan zen Txema Garai (Erdialdea, 1962), 75. urteurreneko arduraduna. Biak saiatu dira hiru mende laurden horiei buruzko azalpenak ematen eta erakundeak duen pisuari buruz hausnartzen; baina gailur berrietara begiratu aurretik, nahiago dute urteurrenaren tontorra menderatu.

Txema Garai eta Xabier Galparsoro Club Vasco de Camping Elkarteko kideak.Joseba Parron San Sebastian
Nonbaitetik hastekotan, ohikoa zaien galdera batetik abiatu da solasaldia: Club Vasco de Camping Elkartea (CVCE) mendizale elkartea bada, izenak zergatik ez dio mendiari aipamenik egiten, eta bai, ordea, kanpinari? Erantzunak historiak kontatzeko eta ibilbideak abiatzeko leku egokira darama: elkartearen sorrerara. Xabier Galparsorok eta Txema Garaik kontatu dutenez, eta Antxon Iturrizak Biografia sentimental del montañismo vasco liburuan jaso zuenez, partaideetako batzuek «joera separatistak» zituzten susmoagatik, Mendi Federazioak mendizale talde bat eratzeko baimenik ez zien ematen. Frankismo garaia zen, eta oztopoei iskin egin asmoz, kanpinzale elkarte gisa inskribatu zuten, eta utzi zieten, kanpatzea ezohikoa izan arren.
Izadiarekiko maitasunak batutako hamasei gaztek izenpetu zuten sorrerako agiria, artean, emakume bakarrak: Maritxu Urreta. Lehendakari Carlos Santamaria izendatu zuten; nahiz eta benetako liderra Manolo Galdona izan, hark idazkari kargua hartu zuen. Bultzatzaile nagusia izateaz gain, San Martzial kaleko 19. zenbakian bere familiak zuen etxearen sotoa utzi zion elkarteari. Aurretik alokatuta zuenak trapitxeorako erabilitako lokala bazkideen elkargune izateko atondu, eta 1950eko maiatzaren 20an inauguratu zuten; nola ez, apaizaren bedeinkapena jasota. Hala ere, elkartea ez zegoen behar bezala legeztatua. Bazkideek beren kontaktuak baliatu eta baimena Gobernazio ministroak ebatzi zuen. Zazpi hilabeteko tira-biren ondoren, lortu zuten.
Ibilaldi egitaraua beti eduki dute eta, hasieran, Euskal Herriko gailur bat igotzen zuten igandero. Urte haietan ia garraiobiderik ez zutenez hiritarrek, elkarteak alokatutako autobusak arin bidaiatzeko aukera ziren. Urbiara egin zuten lehen mendi irteera, eta igandean mezetara joatea «nahitaezkoa» zenez, Francisco Yarza apaizak ematen zuen igandero 05:00etan Norteko geltokian, ibiltariek 05:30eko trena hartzeko.
Kultura eta kirola
Ezohikotasunekin jarraituz, emakumezkoek leku esanguratsua izan zuten elkartearen hastapenetan. «Ez zen erraza emakumezkoek parte hartzea, eta CVCEn garrantzia handia izan zuten» azaldu du Galparsorok. Are gehiago, gaizki ikusia zegoen neskek eta mutilek elkarrekin mendian gaua igarotzea kanpin dendaren ehun soilak babestuta. Debekua saihesteko modua izan bazen ere, kanpatze atal bat izan baitzuen klubak eta Europako deialdietan ere parte hartu zuten.
Ez zen mendi taldea soilik, kultura eta kirola lotzen zituen, «ordena horretan», zehaztu du Garaik: «Beraientzat hala zen, lehendabizi kultura, eta gero, kirola». Hiriko txistulariek egoitza izateko arazoak zituztenez, biltzeko leku egin zieten berean; horregatik, 1951n Isidro Ansorena txistulari historikoak klubari eskainitako Birigarroa dute ereserki. Euskal dantza talde bat ere bazuen, besteak beste, XII. Nazioarteko Kanpin Txapelketan nagusitu zena; eta Pio XII aita santuak audientzia eman zion Castel Gandolfon (Italia), 1951n.
Azkar hartu zuen martxa proiektu xume hark: urtebetean, hogei bazkide izatetik 410 izatera pasatu ziren. Irteerak antolatzeko gune izateaz gain, arratsaldero mahai tenisean edo xakean aritu edota hitz egitera bertaratzen zen gaztez betetzen zen. Dena 6 pezetako kuotaren truke. Argazkilaritza laborategia, Jon Etxaidek emandako euskara eskolak, antzerki taldea… Poliki-poliki, kultur jarduerek tokia jan zioten kirolari, eta elkartea jatorrizko nortasuna galtzen joan zen. Krisiak goia jo zuen Galdonari lokala erosteko eskaintza egin ziotenean. Hari eustea eta kirolera birbideratzea erabaki zuten.
Gailurretara buelta
Urteek aurrera egin ahala, eskia eta goi mendia nagusitzen joan ziren. Aralarren, Pagomarin, teleski bat jarri zuten, baita Otzaurten ere. Eskiak kirolari pisua itzuli zion klub barruan eta hura zabaltzeko balio izan zuen; gerora, mendiak hartu zuen indarra. Garaik zehaztu duenez, hastapenetan zuten ideia orduan gauzatu ahal izan zuten. «Eskiarekin kluba ireki zuten: neguan, eskia, eta eguraldi onarekin, martxa neurtuak eta mendi irteerak».
Hamarkada horretan hiru atal berri martxan jarri zituzten: haurrak, goi mendia eta eskalada. 1973an, etorkizuna ereiteko xedez, haurrei bideratutako jarduera atala sortu zuten; lehen irteera Ulia mendira egin zuten, hango bideak ezagutzeko. Beste bi atalen lorpenek poz ugari ekarri dizkiote klubari. Esaterako, 1978an, Andeetara joan zen lehen espedizioa eta Salkantay mendiaren gailurrera iritsi. Klubaren lehen 6.000 metrokoa. Jatun Ausangate eta Aconcaguaren hego aurpegia etorri ziren ondoren, Himalaiako saiakeren aurretik.
1988an, Donostiari lehen zortzimilakoa eman zioten Juanfer Azkonak eta Pablo Aldaik, Annapurna igota. Aurreko urtetik lehendakaria zen Juan Mari Alquezarrek emandako klubeko bandera berdea 8.091 metrotara eraman zuten. Hurrengo urteetan, saiakera eta gailur berrietara iritsi ziren elkarteko bazkideak, baina 2004ra arte ez zen ikur hori 8.000 metrotik gora heldu. Orduko horretan, emakumezko baten eskuetan izan zen, Raquel Perez donostiarra, Willy Barbierrekin batera Gasherbrum I tontorrera heldu zenean.

Klubeko hiru bazkide ibilbide neurtu batean, 1952an.
Garai berri bat
Abentura horien berri emateko, 1963an, Suso Alonsok eta Juanjo Cimorrak Rimaya aldizkaria sortu zuten. Goi mailako mendietan ibiltzen zen taldeko kideek egiten zutena kontatzen zuten, baina literatur ukituarekin. Hiru zenbakiren ondoren desagertu egin zen, 1991n berreskuratu zuten arte, Cimorra berak zuzenduta, eta Errimaia izenarekin. Urteen joan-etorrian tamaina handitu, orriak gehitu, hazi, euskara ikasi, eta 2008tik osorik koloretan da. Urtean bi zenbaki argitaratzen dituzte, 80 bat orrikoak. Bakoitzean klubaren jarduera guztiak islatzen dituzte, baita irteerak eta jarduerak ere albisteen sailean.
Horrez gain, Uztarrotzen (Nafarroa) Bortiri etxea erosi, eta auzolanean konpondu zuten. Aterpetxea 1973ko azaroaren 25ean inauguratu zuten, parrokoak bedeinkatuta, noski. Urte batzuk geroago, 1992an, korta izandako ondoko eraikina erosi zuten. Lau urte geroago inauguratu zuten Bortiri Berri, oraingoan bedeinkapenik gabe.
Milurteko berriarekin batera heldu zen klubaren bigarren inflexio puntua. 50. urteurrenean harira, 2000. urtean Herritar Merezimenduaren Domina jaso zuen elkarteak, bere jardueraren garrantzi soziala nabarmenduz; eta «sototik kalera» ateratzeko helburuz, Iparragirre kaleko 8. zenbakian zegoen lokala erosi zuten. 2002ko otsailaren 25etik dozena bat urtez egon ziren bertan eta bazkideak ugaritzen joan ziren: 3.128 bazkidetik 4.061 era pasatu ziren hamarkada batean. Era berean, mendi, eski eta xendazaletasun irteeretan autobusak bete egiten ziren eta kalean lekua lortzeko ilarak osatu ohi ziren. Aldaketa handia izan zen, aurretik «urte dezente» igaro baitzituzten autobus gutxi ateratzen. Alde txarrean, lokala txikia zenez, zaila zen han elkartzea, eta aldi berean, gizartea aldatzen ari zen.
Aldapa gora eta beherak
1975etik bazkide den Garaik gogoan du lehen urteetan arratsaldero zer edo zer egiten zutela egoitzan, «ez zen gaztetxea, baina hala sentitzen genuen». Urte askoan lokala elkartzeko eta taldean gauzak egiteko gunea izan zen; orain, aldiz, «jendeak ez du hemen sozializatzen, irteeretan baizik». Are gehiago, gazteei kosta egiten zaie antolatutako ibilaldietan parte hartzea, «talde txikiagoetan mugitzea» nahiago izaten baitute; ikastaro teknikoetan ohikoagoak dira. Adinekoekin batera joateko aurreiritziak dituztenak animatu ditu Galparsorok: «Bere garaian jarduera oso teknikoa egiten zuen jendea ezagut dezakezu eta nola ibiltzen ziren kontatzen dizu. Julio Villar edo Suso Aiestaranekin hitz egitea, ikastea, hausnartzea… Oso aberasgarria da haiek entzutea».
Klubaren historiak argi-ilunak dituen moduan, euren bizipenean ere gazi-gozoak egokitu zaizkie. Garairi urte «potenteak» egokitu zitzaizkion lehendakari zela. 2011n 24 urtez lehendakari izan ondoren, Alquezarrek kargua utzi zuen, eta lau hamarkadatan ordainsaririk gabe egindako lanari aitortza gisa, ohorezko presidente izendatu zuten. Hari lekukoa hartu eta urtebetera, Gernikako Arbola pasealekuko egungo egoitzara lekualdatu ziren. 350 metro koadro ditu, Idazkaritza, liburutegia, erakusketa aretoa, gelak, proiekzioetarako edo tailerretarako gela handi bat… eta Woody Allenek Riftkin’s Festival filmaren zenbait eszena bertan errodatu zituen. Horrez gain, Uztarrotzeko obra, hiru urtez luzatu zen Euskal Herria Oinez ibilbidea, 2016 bidea… Lan handia bada ere, jasotzen dena asko dela uste du Garaik. «Une txarrak egon badira ere, 25 urte pasatu ditut hemen lanean, eta ez nuke ezergatik aldatuko».
Onak azalduta, tristeak, galdutako lagunak eta bazkideak dira; 2013an Andeetatik bueltan, auto istripuan hildako Andoni Areizaga, Bernard Doumercq, Joxi Hernandez eta Iñaki Cuellar, kasu. «Mendian hiltzen den kidea badakizu gustatzen zaion zerbait egiten ari zela, zuk ere hala bizi duzulako. Kontraste hori gogorra da», argitu du Galparsorok. Klubean daramatza hogei urtetik gora, azken hamarkadan antolaketa lanetan murgilduta. CVC Photoren bilakaera eta mendiko eski taldearen bultzadak pozten du gehien, haietan zuzenean aritu da, gainera.
Bazkidetza emankorra
Klub bizia da eta egokitzen doa. Mendi igoeren moduan, behetik gora antolatzen dira, alegia, bazkideek proposamenak egiten dituzte eta haiek landu eta aurrera aterako duen talde bat bada, atal berri bat eratzen dute. Bazkide izateko 60 euroko sarreraz gain, urtean 22 euroko bi kuota ordaindu behar dira. Interesa dutenei lehenik pare bat irteeratan probatzeko aholkatzen diete, baja bakoitzak «pena» eragiten baitie: «Sentitzen duzu ez duzula asmatu».
Kirol arloan erreferente dira Gipuzkoan, hain zuzen ere, Realaren ondoren, bazkide gehien dituen kirol elkartea baita. «Horrek esan nahi du jendeari mendia gustatzen zaiola, beraz, garrantzitsua da». Iazko datuen arabera, 3.796 dira, %90a donostiarrak, 2.300 federatuak, alegia, «horiek gutxienez kirola egiten dute». Profila ez da gehiegi aldatu, talde nagusia 50 urtetik gorakoak dira, nahiz eta beti mantendu den jende berria sartzea. «Hor mantentzen da». Talde irteeretan, aldiz, 800 bat bazkidek parte hartzen dute eta horien adina, nagusiki, 50-60 urte artekoa da. Edonola, haur taldea ere badute eta eskalatzaileak gazteagoak izan ohi dira.
Unean unekora moldatuta ere, jatorriari eusten ahalegindu dira. Mendi jarduerak klubaren bihotzen badaude ere, gainerakoa ez dute ahaztu: mendiaren eta naturaren inguruan dagoen kultura jorratzen jarraitzen dute. Horren adibide dira CVC Photo mendi argazkilaritza txapelketa, ipuin lehiaketa, Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako Mendia eta Kultura proiekzioa sorta, erakusketak…
Zuzendaritzan, ataletan, idazkaritzan, aterpean… Guztira, 50 bat lagunek dute elkartearen dinamikaren ardura. Garaik ohartarazi duenez, «momentu honetan klubak ezin du gehiago eman. Gaudenak gaude eta ezin dugu gauza bat gehiago antolatu, mantendu behar dugulako daukaguna».
Izenarekin zer?
Ospakizun urtean murgilduta daude. Ekitaldi bereziena maiatzaren 17an Ulian aurrera eraman zuten bazkideen festa izan da, baina beste asko etorriko dira: iparroratz erakusketa, Donostiako Itzuliaren eta Euskal Herria Eko Trek ibilaldien amaiera, klubaren hiru egoitzak eta mendia lotuko dituen ibilbide neurtua… Kanpora begirakoez gain, Gipuzkoako Artisten Elkarteak aterpetxean jarriko duten horma irudi bat oparituko die eta Club Vasco de Camping Elkartea-k duen hizki bakoitzarekin mendi bat igo behar dute; 26, alegia. Bete beharreko araudi bat dago, esaterako, egun bakarrean ezin dituzte denak egin. Oraingoz, 43k parte hartu dute.
Buru-belarri dabiltza prestaketetan eta kosta zaie aurreragoko erronkei buruz pentsatzea. Labur esanda, «egonkortzea». Luzeago, bazkideak klubera hurbiltzea, parte hartzea eta gaztetzea. Donostia eta ingurua nahiko mendizalea denez, etorkizuna bermatzeko aukera badute, beti ere, egokitzen asmatuz gero. Garairen hitzetan, sekretua «asko entzutea eta adi egotea» da. Hala erantzungo diote datorrenari. Galparsorok argi du: «Klubean egiteko grina duen jendea badago eta beti sortuko dira gauzak».
Hasierara itzulita, beste ohiko galdera bat, amaitzeko: «Izena aldatzea pentsatu al duzue?». Mendizaleen artean ezagunak badira ere, oraindik ere batzuetan nahasmena eragiten du. Esaterako, oporretan datozenen deiak jasotzen dituzte kanpalekuei buruz galdetzeko. Iaz, urteurrenari begira, irudia berritu eta branding-a lantzen hasi zirenean aldatzeko aukera aztertu zuten. Ez dute aldatu eta bi kideak ados daude erabakiarekin. Galparsorok uste du «bere oinarrietako bat» dela, nahiz eta zergatia azaldu behar, nolabait, «xarma» ematen diola: «Nondik gatozen eta zer garen azaltzeko bide ematen du». Garaik gehitu du eurak ohitu direla, «barregarria» zaiela. «Uztarrotzen ‘klubekoak’ gara, ipar eskian, ‘kanpingekoak’ eta gure artean ‘vascokoak’… ‘de’ soilik falta da! [barrez]».