Mundua, itsaso zikin bat

Alentejoko hondartza batean amaitu nuen Miñan liburua. Itsasoari begira, negar malkoak begi izkinan geratu zitzaizkidan —gizonok, jakina da, urtean bi bider egin dezakegu eta, gehienez, negar—. Cadaquesko hondartzan, Mediterraneoa nuela begi aurrean, ondoko lerroak idatzi nituen, inoiz argitaratuko ez den koaderno batean: «Itsasoaren bi aldeetan bainatzen gara. Batzuk oporretan, besteak heriotzaren atarian». Batumiko harrizko hondarretan, saiatu nintzen imajinatzen beste aldean zela Mariupolen gerrate bat. Faliako itsas adarretan, ikusi nituen arrantzaleak gero eta gehiago urruntzen, arrain gero eta gutxiago daudelako.
Gure alkate jaunak, turismoa kritikatzen den bakoitzean, esaten digu gu ere joaten garela turismoa egitera, ez izateko hipokritak. Bidaiatzeak ez du zertan debekatuta egon behar, pentsatzen dut nik. Debekatuta egon beharko lukeena da herrialde batean etorkizuna debekatzea, eta gizakiak bihurtzea ilegalak.
Zerua itsaso zikin bat da, eta mundua zer esanik ez. Tarteka, behintzat, badira arrazoiak gizakiengan jarri ahal izateko esperantza. Tarteka.