Suhiltzaileek udalaren proposamena onartu arren, lan taldea gehiago handitzea eskatu dute
2026an sei suhiltzaile gehiago eta 2027an beste sei kontratatzeko konpromisoa hartu du udalak; guztira, hamabi.

Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuko hainbat ordezkarik agerraldia egin dute gaur eguerdian, egoitzaren aurrean. Asteazkenetik ostiralerako itxialdia egin ondoren, Donostiako Udalak egindako proposamena onartzea erabaki dutela jakinarazi dute. Era berean, azken asteotako mobilizazio dinamika bukatutzat eman dute.
“Itxialdiari hasiera eman berritan, Donostiako Udalak negoziazio mahaira deitu gintuen, eta han proposamen zehatza jarri zigun mahai gainean”, azaldu dute. “Orain bi urte bide honi ekin genionean, Donostiako suhiltzaileen zerbitzuak dituen egiturazko hutsuneak konpontzeko borondatea genuen, eta udalak eskaini digunak, egunerokoan bizi ditugun arazo guztiak konpontzen ez baditu ere, gure eskakizunetako lehenari erantzuten dio”, gaineratu dute.
Hain zuzen ere, 2026an sei suhiltzaile gehiago kontratatuko ditu udalak, eta 2027an beste sei; guztira, hamabi. Horrela ere, gutxienez beste lau edo bost suhiltzaile eta zentralerako beste operadore bat behar dituztela ohartarazi dute. “Proposamena onartzeak ez du esan nahi orain bi urte mobilizatzen hastera eraman gintuzten gabezia eta hutsuneak gainditu ditugunik”, esan dute. Horren adibide bat ere jarri dute: “Hamabi suhiltzaile berri sartu arren, Donostia eta inguruko herriei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezko ratioen oso azpitik jarraituko dugu. Bilbok, Gasteizek, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ratio handiagoak dituzte”.
“Aukera galdu bat”
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak sinatu berri duten akordioa “aukera galdu bat” dela uste dute suhiltzaileek. Hori dela eta, mezu hau zuzendu diete bi erakundeei: “Heldu iezaiozue gaiari seriotasunez, eta bila dezagun denon artean arazo honi ere amaiera emango dion kalitatezko irtenbide bat. Gu laguntzeko prest gaude”.
Udalaren erabakia onartu arren, “sukaldeko lanean” jarraituko dutela nabarmendu dute suhiltzaileek: “Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzuaren egiturazko hutsuneak gainditu eta herritarrei merezi duten kalitatezko zerbitzu publikoa eskaini nahi diegu”.