«Tabakalera belaunaldia», hamar urtetan landutako zinemagileen uzta

Tabakaleran topaketa garrantzitsua egin dute gaur, 12:00etan, Tabakaleraren hamargarren urteurrena dela-eta. Kultur ekosisteman sortu diren zinemagile hasiberriak elkartu dira, eta izena jarri diete: Tabakalera Belaunaldia. Belaunaldi honetako hogeita hamar bat zinemagilek parte hartu dute ekitaldian. Besteak beste izan dira Mikel Gurrea, Maria Elorza, Maddi Barber, Maider Oleaga eta Sara Fantova.
Ekitaldian parte hartu dute Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, Karlos Mugiro Elias Kerejeta Zine Eskolako zuzendariak, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak.
Euskal zinema garaikidearentzako ekosistema “paregabea”
Tabakalera Belaunaldia zinema garaikidea babesteko sistema bereziaren “adibide argia” dela nabarmendu dute. Hori Donostia Zinemaldia, Elias Keerejeta Zine Eskola, Euskadiko Filmategia eta Tabakaleraren arteko “lankidetzari” esker izan da posible gaurko ekitaldian parte hartu dutenek nabarmendu dutenez.
Hamar urteko lankidetzak izugarrizko emaitzak eman dituela ziurtatu dute: Ikus-entzunezko sorkuntzari laguntzeko Tabakalerako zirkuitua zinemagile bakoitzari bere proiektuaren hasierako fasetik azken aurkezpenera arte laguntzeko dago artikulatuta, bakoitzak ekosistemaren barruan bere ibilbidea aurki dezan ahalbidetzeko.
Gaur egun Tabakalera Belaunaldia osatzen duten pertsonen ibilbideetako askok bide bera egin dute: “EKZEn trebatu dira; beren proiektua Noka edo Ikusmira Berriak bezalako programetan garatu dute, gidaritza profesionalarekin; postprodukzioa Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategian landu dute, eta filma nazioarteko jaialdi nagusietan aurkeztu dute, hala nola, Donostia, Cannes, Venezia edo Berlinalen. Prozesu horrek zinema egiteko modu berezi bat islatzen du: zinema denboraz, komunitatean eta nazioarteko bokazioarekin egitearen aldeko apustua”.
Ikusmira Berriak eta Noka
2014az geroztik, Ikusmira Berriak proiektuak garatzeko egonaldi programak 56 zinema proiektu garatzen lagundu du. Horietatik 24 nazioarteko jaialdietan estreinatu dira, hamzazpik sariak jaso dituzte, eta gainerakoak garapen prozesuan daude oraindik. Programa horretan parte hartu dute dira, besteak beste, honako euskal talentu ezagun hauek: Jaione Camborda (Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra, 2023), Maria Elorza (Gazteriaren TCM Saria, 2022) edo Mikel Gurrea (Euskal Zinemaren Irizar Saria, 2022).
2019tik, Noka programak laguntza eskaini die 21 zinemagile emergenteri. Programa horren arrakastaren adibide dira, besteak beste, Estibaliz Urresola (20.000 especies de abejas filmak nazioarteko sariak eta aintzatespenak jaso ditu, baita Goya Sarietan eta Berlinalen ere) eta Sara Fantova (Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen Malagako Jaialdian, Jone batzuetan (2025) filmarengatik). Eusko Jaurlaritzak bultzatuta eta Tabakalerak koordinatuta, Zineuskadirekin elkarlanean, Noka plataforma ezinbestekoa da gaur egungo zineman ahots berriak ikusarazteko.
Euskadiko Filmategiak, bestalde, ekosistema horren barruan erakunde aktibo gisa duen zeregina indartu du; izan ere, ondare-funtsetarako sarbidea errazten du, eta loturak bultzatzen ditu zinema garaikidearen eta ikus-entzunezko memoriaren artean. Filmategia funtsezkoa izan da sorkuntza garaikidearen eta ikus-entzunezko ondarearen arteko bitartekari gisa.
Tabakalera Belaunaldia pantaila handian
Ospakizunaren parte, Tabakalera Belaunaldia proiekzio-zikloa prestatu du Tabakalerak gaur eta bihar (ekainak 13 eta 14) bitartean. Programazioan lau film luze eta film labur bat proiektatuko dira, kontu handiz aukeratuak, etorkizun handiko belaunaldi hau osatzen duten zinemagileen kolektiboaren aberastasun formala eta ibilbide arrakastatsua erakusteko. Sarrerak Tabakalerako Informazio Puntuan edo bere webgunean eros daitezke.
Ostirala, ekainak 13:
- 17:00etan, Historia de pastores, Jaime Puertas Castillo (Espainia, 2024, 80’). Zuzendariarekin aurkezpena eta solasaldia.
- 19:00etan, Frialdad, Andrea Sánchez (Espainia, 2024, 12’) eta Suro, Mikel Gurrea (Espainia, 2022, 116’). Zuzendariekin aurkezpena.
Larunbata, ekainak 14:
- 17:00etan, O Corno, Jaione Camborda (Espainia, Portugal, Belgika, 2023, 99’). Zuzendariarekin aurkezpena.
- 19:00etan, El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja), Ernesto Martínez Bucio (Mexiko, 2023, 81’). Aurkezpena eta solasaldia zuzendariarekin eta Karen Planarekin.
Hauek dira Tabakalera Belaunaldia deitu dietenak osatzen duten zerrenda: Jaione Camborda, Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maddi Barber, Maider Oleaga, Mikele Landa, Maria Elorza, Marina Palacio, Mikel Gurrea, Amaia Merino, Aitor Merino, Maider Fernández, Arantza Santesteban, Aitziber Olaskoaga, Sara Fantova, Clara Rus, Itziar Leemans, Tamara Lucarini, María Inês Gonçalves, Andrea Sánchez, Ainhoa Gutiérrez, Joana Moya, Nerea Castro, Zaira Zanguiti, María Monreal, Nagore Eceiza, David Pérez Sañudo, Arriguri, Asier Urbieta, Ainhoa Artetxe, Ainize Sarasola, Maria García Marraco, Maia Iribarne, Alba Lozano, Ione Atenea, Saioa Miguel.